Gutxienekoa betetzeko suhiltzaileak behar dira

Guaixe 2020ko uzt. 24a, 10:45
Suhiltzaile gehiagoren beharra aspalditik dago.

Altsasuko eta Nafarroako hainbat parketako plantilla ez dago osatuta, eta, aldika, parkeak itxi behar izaten dira. Gutxienez 120 suhiltzaile gehiago sartzea eskatu dute, gutxieneko zerbitzua bermatzeko.

Astearte goizean, suhiltzaile bakar bat egon zen Altsasuko suhiltzaileen parkean. Eta parkea itxita egon zen. Agorrilean bi egunetan hala izanen da, eta beste 20tan bi suhiltzaile egonen dira. Gutxieneko kopurua 3 da. Altsasuko parkean gutxieneko zerbitzua egunero behar bezala betetzeko 28 bat suhiltzaile izan beharko lirateke; gaur egun 22 daude. Haietako bi Erreskate Talde Teknikoan daude eta egun batzuetan Iruñean daude. Beste bat, akademian trebatzen ari da. Beraz, benetan, 19 dira Altsasuko parkean dauden suhiltzaileak. 

“Kontuak ez dira ateratzen. Ezin dituzu egun guztiak suhiltzaileekin bete”. Nafarroako suhiltzaileen beste hainbat parketan ere halakoak gertatzen ari dira egunero. Hala jakinarazi du Iñigo Balbas Ruizek, Nafarroako Suhiltzaileak enpresa batzordeko kideak, LAB sindikatua ordezkatuz. Gaineratu duenez, “suhiltzaile bakar batek ezin du ezer egin. Parkean egon beharko luke, Iruñetik edo beste parke batetik laguntza iritsi arte. Interbentzioa 20-30 minutu atzeratuko litzateke. Larrialdi, sute edo istripu batean, baliteke atzerapen horrek kalte buelta ezinak ekartzea”. 

Parke batean eguneroko gutxieneko suhiltzaile kopurua 3 edo 4 izan beharko litzatekeela jakinarazi du Balbasek. “Gutxienekoaz ari gara, ez kopuru idealaz. Interbentzioetara segurtasunez joateko, bertan ematen den zerbitzua kalitatezkoa izateko eta langileen segurtasuna bermatzeko gutxienez hiru suhiltzaile izan beharko lirateke. Momentu honetan bai Altsasun bai beste parkeetan, ez da kopuru hori betetzen”. 
 
Balbasek jakinarazi duenez, hemendik aurrera gehiagotan errepikatuko da suhiltzaile falta parkeetan: “orain arte, zuloak tapatzeko, gure lanegunak aurreratu ditugu. Baina hemendik aurrera zuzendaritzak baliabide hori ez dauka, urteko gure ordu kopurua bete behar dugulako. Arazoa areagotu eginen da Nafarroan. Segurtasuna bermatzeko suhiltzaile kopururik ez da izanen”.  Gobernuak kide gehiago sartzeko konpromiso hartuz gero, esfortzua egiteko prest leudeke. 

Nafarroaz
Herrialdean 13 suhiltzaile parke daude, Altsasukoa barne. Haietan 340-350 suhiltzaile ari dira lanean. “Baina ez dugu datu zehatzik, zuzendaritzak ematen ez dituelako”. “388-390 suhiltzaile izan beharko genuke. Beraz, 40 edo 50 suhiltzaileren faltan gaude momentu honetan. Zuzendaritzak eta langileok darabilgun kopurua da. Gutxieneko zerbitzua emateko kopurua da hori. Egunero parke guztietan gutxieneko suhiltzaile kopurua izateko. Gutxienekoaz ari gara, ez zerbitzu ideala emateko behar denaz”. 

Aurreko legegintzaldian 100 suhiltzaile lanpostu betetzeko lau lan-deialdi egin ziren, baina oraindik suhiltzaile premian dago Nafarroa. “Baina oraindik UPNren azken legealdian izandako politikaren ondorioak ditugu. Ez zen plaza bat bera atera, eta ondorioak pairatzen ari gara”. Balbasek azaldu duenez, suhiltzaileen jubilazioak direla-eta, “legegintzaldi honetan 100 edo 120 lanpostu bete beharko lirateke gutxieneko zerbitzua emateko”. Hori lortzeko negoziazioak hasi berri dituztela jakinarazi du Balbasek. “Zuzendaritzak esan du 120 plaza aterako dituela. Positiboa da. Baina guk orain nahi dugu kontseilariak konpromiso ofiziala eta publikoa hartzea plaza horiek atera eta beteko direla”. Legegintzaldiko hiru urteetan bete beharko lirateke plaza horiek. 

Balbasek jakinarazi digunez, suhiltzaileen plantilla “guztiz zahartuta dago. 40 urtetik gorakoa da bataz besteko adina. Hori ez da batere ona halako zerbitzu baterako. Horregatik ere atera behar dira plazak”. Eta suhiltzaileen ibilgailuak zaharkituta daudela gaineratu du. “Gehienek 15 edo 20 urtetik gora dituzte, eta gure segurtasunerako kaltegarriak dira. Nahikoa istripu izan ditugu azken urteetan”. Plangintza serioa eta inbertsio handia eskatu ditu “zerbitzu publiko eta kalitatezkoa izateko”. 

COVID-19
Pandemiak suhiltzaileei ere eragin die. Balbasek esan duenez, “zuzendaritzak eta Nafarroako Gobernuak gutxiegi erabili gaitu. Larrialdietako zerbitzua gara eta larrialdi egoera izan dugu. Baina zuzendaritzak ez zituen baliabideak jarri COVID-19aren ondorioak arintzeko. Langileok antolatu ginen, eta geure burua boluntario aurkeztu genuen, egin beharrekoak egiteko. Baina zuzendaritzak ez zuen ekimenik hartu eta ez zuen baliabiderik eman”. Boluntario lanetan desinfekzioak egin zituzten. Anbulantziak sarean sartu zituzten COVID-19 zuten gaixoak ospitaletara eramateko. 

Irteerak egiten dituztenerako edo parkeetan daudenerako protokolorik ez dutela esan digu Balbasek. “gure zerbitzuetan COVID-19 gaitza dutenekin aritzen gara, baina ez dugu protokolo propiorik. Osasunbideak emandakoak gure egoeretara moldatzen ditugu”. 

Uda eta suak 
Suteekin lana pilatzen zaie suhiltzaileei udan. “Suhiltzaileok, ahal dugun neurrian, sortzen diren suteei aurre egiten saiatuko gara. Baina argi eta garbi esan dugu gure baliabideak gero eta gutxiago direla. Langilerik ez badugu, itzaltze lanak luzeagoak izanen dira, eta askotan ezin izanen zaio erantzun zuzena eman”.  Horregatik, “jendeari esan behar diogu baso suteetan eta beste egoeratan pixka bat babesgabe dagoela”.