%3,04 hondakin gehiago sortu dugu urte erdian

Guaixe 2020ko uzt. 28a, 10:34
Hondakin bilketarako kamioiak Arbizuko tratamendu gunean.

Igoera handiena izan duena materia organikoa izan da, %19,15 gehiago jaso du Mank-ek aurreneko sei hilabeteetan;% 8,1 ontzi arin gehiago bildu dira; eta errefusa, berriz, %2,23 hazi da. Behera egin duen bakarra papera eta kartoia izan da, %,5,16.

Sakandarrok urteko lehen sei hilabeteetan joan den urteko garai berean baino % 3,04 hondakin gehiago sortu dugu (93.192 kilo gehiago). Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzuak berak jaso eta pisatutako lau hondakinez ari gara, hau da, errefusaz, organikoaz, ontzi arinez eta papera eta kartoiaz. 

Hileroko datu orokorrei erreparatuta, Hondakin Zerbitzuak  hilabete bakar batean jaso da aurten joan den urtean baino hondakin gutxiago: ilbeltzean, %6,92. Gainontzeko hilabeteetan kopuruak 2019ko zifrak gainditu ditu: otsailean %2,68, martxoan %2,53, apirilean %7,14, maiatzean % 0,66 eta garagartzaroan %12,33. 

Martxoaren 16an hasi zen konfinamendua, eta haren arintze prozesua maiatzaren 4an abiarazi zuten. Bitarte horretan, materia organikoaren kopurual gora egin zuen, %26,86 martxoan eta %40,16 apirilean. Ontzi arin hondakinak nabarmen igo ziren konfinamenduaren aurreneko hilabetean, martxoan, %20,86. Konfinamenduak aurrera egin ahala, errefusa gehiago sortu zen: apirilean %6,87 gehiago. 

Gaizki deitutako "normaltasun berria" garagatzaroaren 22an sartu zen indarrean. Eta aurreko urtearekin konparatuta, hilabete hori da hain zuzen ere lau hondakinen bilketak gora egin zuten urteko hilabete bakarra: errefusak %4,9 egin zuen gora; organikoak %54,27, ontzi arinak %39,8 eta papera eta kartoiak %6,85. 

Osasuna babesteko eta gaitza ez hedatzeko neurrien arintzeak herrietako ospakizunekin bat egin zuen. Udalek festak eta erromeriak bertan behera utzi badituzte ere, pasatutakoa pasatuta, jendeak elkartu beharra sentitu du, eta "ez-festak" ospatu dira. Litekeena da ezohiko egoeran egindako bazkari-afariak eta uda giroak jendea kalera gehiago bulkatu izana egon daiteke hondakinen sorreraren hazkunde horren atzean. 

Gaika
Lehen urte erdian 2.029.918 kilo errefusa jaso dira, aurreko urtean baino 44.188 kilo gehiago (%2,23).  Errefusa jasotako hondakinen %64,17 da. Materia organikoa  jasotakoaren %10,53 da. Aurreko urtean baino 53.532 kilo gehiago jaso dira (%19,15). Ontzi arinak guztiaren %9,54 dira, eta 22.607 kilo gehiago jaso dira aurten oraingoz. Azkenik, papera eta kartoia daude, bildutakoaren %15,76 da, baina joan den urtean baino 27.136 kilo gutxiago jaso dira (%5,16).