Pilota

Ezkurdia eta Martija, elkarren kontra igandean Arbizun

Guaixe 2020ko uzt. 24a, 10:55

Masters CaixaBank Torneoko 5. jardunaldian, Ezkurdia-Aranguren bikotea Bengoetxea VI.a-Martijaren kontra ariko da igandean Arbizun (17:00, ETB1). Olaizola II.a-Zabaletak Altuna III.a-Imaz izanen dituzte aurkari larunbatean Labriten (22:15, ETB1)

Gutxika ari da indarra hartzen Aspek eta Baiko Pilotak uda berezi honetarako antolatu duten Masters CaixaBank Torneo mistoa. Ohiko festa eta ferietako torneo garrantzitsuen faltan, bi enpresetako pilotariak elkarrekin aritzeak interesa piztu du eta lau jardunaldi jokatu eta gero, antolatzaileak kontentu daude txapelketak izandako erantzunarekin. 

Lidergoa lortzeko borroka estua
Asteburuan 5. jardunaldia dago jokoan, eta partidetako bat Sakanan jokatuko da. Ezkurdiak eta Arangurenek Bengoetxea VI.a eta Martija izanen dituzte arerio igandean Arbizuko kiroldegian (17:00, ETB1). Bi bikoek hiruna puntu dituzte, Altuna III.a-Imaz liderrak eta Artola-Rezustak bezala, eta, hortaz, lidergoa lortzeko borroka itzela espero da. Martija ikusgarri ari da, eta torneoko atzelaririk onenetakoa da une honetan, eta Oinatz Bengoetxeak itxura oso ona eman zuen lesioa osatu eta gero. Baina Ezkurdia eta Aranguren ere ongi dabiltza. Aurreko asteburuan garaipen garrantzitsua lortu zuten Urrutikoetxearen eta Irribarriaren kontra, eta, hortaz, jokoan dagoen 4. puntua lortzeko borroka gogorra espero da igandean Arbizun. Sarrerak salgai daude Arbizuko Aralar tabernan edo Kiroldegiko tabernan eta Asperen eta Baiko pilotaren webguneetan (25 euro). Jaialdia zabaltzen duen partidan Joanes Bakaikoak eta Ibai Zabalak Salaberria eta Tolosa izanen dituzte aurkari. 

Bestalde, behetik gora egin dute Olaizola II.ak eta Zabaletak; hasierako bi partidak galdu eta gero, azkeneko biak irabazi dituzte eta bide onean doaz. Larunbatean Altuna III.a eta Imaz liderrak izanen dituzte aurkari Labriten jokatuko den partida interesgarrian (22:15, ETB1) eta goi mailako partida espero da. Gaur, ostirala hasiko da Masters CaixaBank Torneoko 5. jardunaldia, Elezkano II.a-Aretxabaletak eta Artola-Rezustak  Medranon jokatuko duten partidarekin (21:00, ETB1).