Atletismoa / Saskibaloia

Birtuala bihurtu da Ziordiko elkartasun lasterketa

Guaixe 2020ko uzt. 29a, 11:12

Maiatzaren 23an egitekoa  zena agorrilaren 29an eginen da, birtualki eta Paris 365 jantoki sozialaren alde. Hiru elkarteren aldeko hiru zozketetarako txartelak salgai daude ere 

Ziordiak VII. Elkartasun Lasterketa hartu behar zuen aurten. Baina COVID-19 pandemiak proba bertan behera utzi zuen. Hala ere, lasterketa birtuala egitea proposatu du Ziordia Running Taldea (ZRT) antolatzaileak. Hau da, izena ematea, eta gero nork bere herri edo hirian laster egitea. Ibilbidea osatu ondoren, egindako km-en berri emanez sare sozialetan mezua zabaltzea eskatu du antolakuntzak. Horretarako, #ziordia2020 hastag-a erabiltzea eskatu du. 

Izen ematetik ateratzen den diru guztia Paris 365 jantoki sozialari emanen zaio. Dortsala eskuratzeko https://labur.eus/Ocom5 web orriaren bidez egin daiteke. Gutxieneko kopurua 5 eurokoa da. Lasterketa birtualean parte hartzen dute guztien artean babesleek emandako 80 opari zozketatuko dira. 

Bestalde, ZRTk Dravet sindromearen fundazioaren, Aurrera Markelekin elkartearen (munduan gaixotasun arraro horren bi kasu besterik ez daude) eta Rett sindromeko Espainiako Elkartearen aldeko zozketak eginen dira agorrilaren 29an. Haien webguneetan eta sare sozialetan daude zozketen berriak. Erakunde bakoitzak ditu txartelak, eta bakoitza euro baten truke erosi daiteke. Guztira, 100 bat sari zozketatuko dira. 

Abuztuaren 15ean, saskibaloia 
Abuztuaren 15ean, aldaketarik ez badago, Markel Carmona Lesakaren aldeko III. Elkartasun Saskibaloi Txapelketa jokatuko da 10:00etatik 14:00etara. Hiru hiruren kontrako txapelketa izanen da, 10 eta 15 urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzendutakoa da. Parte hartu nahi dutenek 620 064 534 (Jose Ramon) telefonora hots egin dezakete. Parte hartzea doakoa da. Hala ere, antolakuntzak gomendatzen du Aurrera Markelekin elkartearen aldeko zozketako txartelak egun horretan erostea. Topaketa despeditzean, parte-hartzaile guztiendako auzatea izanen da.