Pilota

Arbizuko jaialdia, Etxeberrikoarendako

Guaixe 2020ko uzt. 27a, 08:44

Bengoetxea VI.ak eta Martijak 22 eta 16 hartu zituzten mendean Ezkurdia eta Aranguren atzo Arbizun jokatutako partida lehiatuan. Olaizolak eta Zabaletak puntu garrantzitsua lortu zuten Labriten Altuna III.aren eta Imazen kontra (22 eta 19)

Asteburuan Masters CaixaBank Torneoko 5. jardunaldia jokatu da, eta partida bikainak eta lider aldaketa ekarri ditu jardunaldi honek. Artola eta Rezusta dira torneoko liderrak orain. 

Larunbatean, Labriten, Olaizola II.a-Zabaleta eta Altuna III.a-Imaz bikoek partida ikusgarria eskaini zuten. Hasieran hotz hasi ziren nafarrak: Olaizolak normalean egiten ez dituen akatsak egin zituen eta Zabaletari ere kosta egin zitzaion. Altuna III.a eta Imaz 6 eta 12 aurreratu ziren. Baina, gutxika, Olaizola eta Zabaleta partidan sartu, eta aurkariak estutzen hasi ziren. Zabaleta bikain aritu zen atzean eta Olaizolak bere tokea berreskuratu zuen. Partidari buelta ematea lortu zuten, 20 eta 19 aurreratuz, eta lehia oso borrokatuan, azkenean 22 eta 19 gailendu ziren Olaizola eta Zabaleta. Hala, euren 3. puntua poltsikoratu zuten. 

Arbizuk hartu zuen atzo 5. jardunaldiko azken partida. Jaialdia zabaltzen zuen partidan, Joanes Bakaikoa etxarriarrak eta Urretabizkaia II.ak 22 eta 12 irabazi zieten Salaberriari eta Tolosari, Arbizuko kiroldegian bildu ziren 275 ikusleen gozamenerako. Ondoren atera ziren kantxara Ezkurdia-Aranguren eta Bengoetxea VI.a-Martija. Ongi hasi zen etxeko pilotaria, eta Arangurenen laguntzarekin eta zaleen animoen laguntzarekin lehenengo atsedenaldira 11 eta 12ko abantailarekin joan ziren Ezkurdia eta Aranguren, ordura arte oso paretsua izan zen lehian. Baina, hortik aurrera goitik behera aldatu zen partida. Bengoetxea sakeak ateratzeko modua aldatu zuen, eta gorriek egindako pilota aldaketak ez zien batere mesede egin. Ezkurdiak, partida bukaeran aitortu moduan, “pilota horrekin deseroso, akats tontoak bata bestearen atzetik egin eta 20eta 13ko aldea hartu zuten Bengoetxeak eta Martijak, buelta emateko zaila”. Ezkurdiak eta Arangurenek behera egiten zuten bitartean, Oinatzek eta Martijak gora. Etxeberrikoak, atzera ere, jotze ikusgarria duela eta pilota bat ere ez duela alferrik galtzen erakutsi zuen –soilik 2 pilota galdu zituen partida guztian– eta, azkenean, 22 eta 16 irabazita, euren 4. puntua lortu zuten Bengoetxeak eta Martijak. Ezkurdiak eta Arangurenek 3 punturekin jarraituko dute. 

Masters CaixaBank Torneoko beste bi partidetako emaitzei dagokienez, Artolak eta Rezustak 12 eta 22 irabazi zieten Elezkano II.ari eta Aretxabaletari, eta Jakak eta Albisuk 9 tantotan utzi zituzten Urrutikoetxea eta Irribarria. 

Sailkapena
Masters CaixaBank Torneoko 5 jardunaldi jokatuta, Artola eta Rezusta dira liderrak orain, 4 punturekin. Puntu berberak dituzte Bengoetxea VI.a-Martijak, sailkapenean bigarrenak. Hurrenak Altuna III.a-Imaz, Jaka-Albisu, Olaizola II.a-Zabaleta eta Ezkurdia-Aranguren dira, guztiak hiruna punturekin, eta azkenak Elezkano II.a-Aretxabaleta eta Urrutikoetxea-Irribarria, punturik gabe. 

6. jardunaldiak dakarrena
Asteburuan Masters CaixaBankeko 6. jardunaldia jokatuko da. Ostiralean, San Ignazio egunean, bi partida jokatuko dira. Olaizola II.ak eta Zabaletak Jaka eta Albisu izanen dituzte aurkari Aiegin (17:30) eta Bengoetxea VI.a-Martija Elezkano II.a-Aretxabaletaren kontra ariko dira Itziarren (18:00). Larunbatean Ezkurdiak eta Arangurenek Artola eta Rezusta izango dituzte arerio Labriten (17:30, ETB1) eta igandean Urrutikoetxeak eta Irribarriak Altuna III.aren eta Imazen kontra jokatuko dute Beran (17:30, ETB1).