Txirrindularitza

Nafar Kirol Jolasetako hiru maillotak Aimar Tadeorendako

Guaixe 2020ko uzt. 28a, 11:15
SAKANA GROUP-ARALAR / MARTIN EARLY

Sakana Group-Aralar taldeko txirrindularia bigarrena sailkatu zen Berako kadeteen lasterketan, baina Nafar Kirol Jolasen hiru  maillot jantzi zituen: sailkapen orokorrekoa, mendikoa eta tartekako helmugena

Igandean COVID19 ondoko kadeteen mailako lehen lasterketa jokatu zen Beran, XVI. Berako Saria. 44 km-ko proba oso gorabeheratsua izan zen. Probaren erdian Gama-Muruzabal-Erro y Eugi taldeko Lucas Guillermok eta Sakana Group-Aralar taldeko Aimar Tadeo lakuntzarrak erasoa jo zuten eta bakarrik egin zuten aurrera. Ihesaldiak fruitua izan zuen eta biak batera iritsi ziren helmugara, baina esprintean Lucas Guillermo gailendu zitzaion Aimar Tadeori (1:05:34). 24 segundora sartu zen tropela, Quesos Albeniz-Burunda taldeko Mikel Uncilla buru zela.

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Aritz Oiarbide (Sakana Group-Aralar) 7. sailkatu zen, Unax Trevejo (Quesos Albeniz-Burunda) 16., A. Garcia de Albeniz (Sakana Group-Aralar) 17., Asier Etxeberria (Quesos Albeniz-Burunda) 21., Alex Lopetegi (Sakana Group-Aralar) 24. Mikel Regil (Quesos Albeniz-Burunda) 25. eta Manex Zufiaurre (Sakana Group-Aralar) 26.

Aimar Tadeok mendiko sailkapena eta esprint berezien sailkapena irabazi zituen eta bigarrena izan zen tartekako helmugen sailkapenean. Taldekako sailkapenari dagokienez, Gama-Muruzabal-Erro y Eugi taldea izan zen onena, Sakana Group-Aralar eta Quesos Albeniz-Burunda talde sakandarren aurretik. 

Gorria, berdea eta txuria Aimarrendako
Nafar Kirol Jolasetako hiru maillotak jantzi zituen igandean Aimar Tadeok: sailkapen orokorreko maillot gorria, mendiko sailkapeneko maillot berdea eta tartekako helmugen maillot txuria. Maillot horiek mantentzea izango da Lakuntzako gaztearen erronka. Kadeteen hurrengo lasterketa igandean jokatuko da, XL. Tafallako Udala Trofeoa hain zuzen ere. Bestalde, eta aldaketarik ezean, abuztuaren 25ean kadeteen mailako proba hartuko du Lakuntzak. 

Larunbatean eskolen proba Lakuntzan
Larunbatean, 16:00etatik aurrera eta Lakuntzako Sakana Group-Aralar Txirrindularitza Taldeak antolatuta, eskolen mailako lasterketak jokatuko dira Lakuntzan, ginkana eta lasterketak.