Txirrindularitza

Lacturale Junior Trofeoa jokatuko da gaur, Irurtzundik abiatuko dena

Guaixe 2020ko uzt. 29a, 10:18
Aurreko urteko juniorren mailako lasterketa, Urdiaindik pasatzen.

Gaur, asteazkena, 17:00etan abiatuko da proba eta Goldaratzen despedituko da (89,12 km)

Junior mailako tropelak gaur hitzordua du Irurtzunen, Ermitagaña Txirrindularitza Taldeak antolatutako 2020 Lacturale Junior Trofeoa baitago jokoan, 89,12 km-ko proba.

Lasterketa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Irurtzungo Plazaola Hoteletik, eta tropelak Latasako bidea hartuko du. Udabe, Jaunsaras, Ilarregi, Auza, Larrainzar, Lizaso, Gerendiain eta Zenoz zeharkatu eta gero, tropelak buelta hartu eta Larrainzarko norabidea hartuko du berriz, atzera ere Auza, Ilarregi eta Jaunsaras gainditzeko. Ondoren, Etxalekura egingo du, Muskiz eta Oskoz pasa ondoren Zia gainari ekiteko. Ziatik Aizkorbera iritsiko dira txirrindulariak. Ondoren Irurtzun pasa eta Madozko bidea hartuko dute, Zuarrarrateko gainari ekiteko. Oderiz, Astiz, Alli, Lekunberri eta Mugiro gainditu eta gero, Urrizara helduko dira, Latasa pasatu eta Goldarazko helmugarako bidea hartzeko. Goldaratzera arratsaldeko zazpiak pasa helduko direla aurreikusten da.