Irail hasieran eskalada ikastaroa antolatu du Mank-ek

Guaixe 2020ko uzt. 30a, 11:30

Irailaren 1ean, 2an eta 3an izanen da, Mankomunitateko egoitzan eta Uharte Arakilen edo Eginon. Izena ematea abuztuaren 24tik 27ra egin beharko da

Sakanako Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, eskalada ikastaroa antolatu du irailerako. Hastapeneko ikastaroa da, eta helburua haitzean eskalatzeko oinarrizko ezagupen eta teknikak lortzea da. Zehazki, irailaren 1ean, 2an eta 3an eginen da ikastaroa. Irailaren 1ean Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan bilduko dira izena ematen dutenak, 18:00etatik 20:00etara, arlo teorikoa lantzeko, eta, irailaren 2an eta 3an egun osoko jardunaldia egingo dute, goizeko 10:00etatik 18:00etara, eskalada praktikoko saioak egiteko, Uharte Arakilen edo Eginon. Monitorea Ion Gurutz Lazkoz eskalatzaile arbizuarra izanen da. 

Mankomunitateko eskalada ikastaroan 14 urtetik gorakoen eman dezakete izena. Izena ematea abuztuaren 24tik 27ra egin beharko da, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa: 39 euro. Materialari dagokionez, arnesa, katuak eta kaskoa norberak eraman behar ditu, baina posible ez bada, antolakuntzak utziko ditu.