Txirrindularitza

Igor Arrietaren garaipen ikusgarria Goldaratzen

Guaixe 2020ko uzt. 30a, 10:24

Sakana Group-Aralar taldeko txirrindularia bakarrik iritsi zen helmugara, atzekoei minutu pasa atereaz 

Atzo arratsaldean 2020 Lacturale Junior Trofeoa jokatu zen, Ermitagaña Txirrindularitza Taldeak antolatuta. Irurtzunen hasi eta Goldaratzen despeditutako 89,12 kilometroko proba ikusgarria izan zen, eta Ermitagaña Criterium Juniorrerako puntuagarria.

Lasterketa oso mugitua izan zen; tropelean gertatutako erorikoen eta ibilbide gorabeheratsuaren ondorioz tropela talde txikietan banatu zen. Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta uharte arakildarrak primeran irakurri zuen lasterketa, erasoa jo eta nagusiki gailendu zen Goldaratzen (2:20:05), atzean zetorren tropeltxoari 1:16 ateraz. Quesos Albeniz-Burunda taldeko Unai eta Hugo Aznar anaiak 5. eta 6. postuan sartu ziren, 1:25era eta 1:36ra. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Aitor Alberdi (Sakana Group-Aralar) 40. postuan sartu zen helmugara, Sergio Lopez (Quesos Albeniz-Burunda) 50. postuan, Mikel Olaetxea (Sakana Group-Aralar) 56. postuan eta Iker Mintegi (Quesos Albeniz-Burunda) 72. postuan.

Lacturale lasterketa irabazteaz gain, mendiko txapelketa irabazi zuen Igor Arrietak eta Ermitagaña Criterium Juniorrean lider da.