11 herritan gas sarea zabalduko da

Guaixe 2020ko uzt. 30a, 18:34
Gas sarea zabaltzeko lanean. Artxiboa.

Altsasu, Arbizu, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Irurtzun, Iturmendi, Lakuntza, Olatzagutia, Uharte Arakil, Urdiain eta Ziordian eginen dituzte lanak

Nafarroako Gobernuak Nedgia Navarra SA enpresari baimena eman dio makina bat udalerrietan gas natural kanalizatuaren sareak hedatzeko. Instalazio horien zabalkundea aurten eginen da eta lanak eginen diren udalerrien artean Sakanako 11 daude: Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia, Ziordia.

Enpresak egungo gas naturalaren sareak hedatzea eta aldatzeko lanen luzera Nafarroa osoan 4.892 metrokoa izanen da eta 375 hargune izanen dira. Aurrekontua 341.386,60 eurokoa da. Sare horien jardueraren gehieneko presioa 5 bar edo gutxiagokoa da eta ez dira sartu berariazko proiektua izan duten edo izanen duten sareak. 

Bestalde, Nafarroako Gobernuak Gas Natural Redes GLP SA enpresari baimena eman dio hainbat udalerritan petrolio-gas likidotu kanalizatuaren sareak hedatzeko instalazioak eraikitzeko. Enpresak aurten eginen dituen lanen artean dago Arakil. Foru administrazioak jakinarazi duenez, herrialdean zabalduko diren Sare horiek 915 metroko luzera izanen dute guztira, eta 48 hargune izanen dira. Aurrekontua 60.515,98 eurokoa da.