Gobernuak natur parkeko hiru lan eman nahi ditu

Guaixe 2020ko uzt. 30a, 19:36
Mendizelaiko eta Beriaingo ikuspegia. Utzitakoa.

Ollideko baltsa ondoan bi aska jarri, hiru pista nagusiak hobetzea eta Arafen eta Kattaliturrin itxiturak eginen dituzte. Guztira 117.803,09 euroko aurrekontua dute lanek.

Landa Grapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak Urbasa-Andia natur parkean hiru lan emateko deialdia egin du. Aurten egiteko lanak dira hirurak ere. Lote horietakoren batean interesa duten enpresek beraien eskaintzak agorrilaren 8ko gauerdira arteko epea dute eskaintzak aurkezteko. 

Aurreneko lotea Ollideko parajean bi aska jartzeko lanak emateko da. Joan den urtean lan horien aurreneko fasea egin zuten eta ur baltsa egin zuten. Han jasotako ura abereek edan ahal izateko bi aska jarri nahi ditu departamentuak eta, horrela, natur parkeko ur-puntuen sarea zabaltzen du. Abeltzaintzaren kudeaketarako egokia izateaz aparte, ur gune horiek fauna eta flora espezifiko hobetzeko gaitasuna dute. Lanek 25.657,45 euroko aurrekontua dute. 

Hurrengo lanen lotearekin Urbasa-Andiako natur parkeko bide-azpiegituren sareko 3 pista nagusiak hobetu nahi departamentuak: Arbeltzetik Ingiriarako pista, Lizarragako tuneletik Otsaportillora joaten dena eta tuneletik Leziza pareraino eramaten duen bidea. Teknikariek jakinarazi dutenez, zorua denboraren poderioz hondatuta dago, zulo ugari ditu, eta urak husteko azpiegitura batzuk hobetu egin behar dira. Lan horietarako 40.093,64 euro bideratu dira. 

Azkenik, Arafe eta Kataliturriko parajeetan ebaketa barreiatzaileak egitea aurreikusi da. Planta berria azienda-hortzetatik babesteko itxiturak egitea egoki jo dute. Guztira 7.150 m arteko itxitura eraikiko dira, 3.950 metro Arafen eta 3.200 Katalitturrin. Akazia-zurez eta 5 arantza-alanbrez eraikiko dira itxitura horiek eta bi paraje horiek, gutxienez, 20 edo 25 urtez egon beharko dute itxita azpitarteen birsorkuntza osatu arte. Lan horren aurrekontua 52.052 eurokoa da.