Ergoienan dute “herria” gure hiru elkarrizketatuek. Gotzon Auzmendi Garmendia Ataunen jaio zen eta Ordiziara ezkondu zen. “Orain egunen %50 Ordizian ematen dut eta bestea %50 Unanun”. Auzmendiren emaztearen jaioterria da Unanu eta “hortik hasi zen herriarekin lotura”. Anatxorena etxekoak dira. Eraikina berritua dute gainera. Iosune Ameztoi Etxarriren gurasoak lizarratarrak ziren. “Ni hiru urte eta erdira arte Lizarragan bizi izan nintzen”. Gaur egun, Bilbon bizi da Ameztoi. Ama eta ahizparekin etorri da uda pasatzera. Donostiako lehengusua ere etxean da. Ume txikiak dituen lehengusua aurki etorriko da. Kalekoa da haien etxearen izena. Hiruetan gazteetan da
Haizea Lizarraga Arellano. Antsoain eta Dorrao artean ibiltzen da. “Aitona-amonak dorrobarrak ziren. Osabak eta aitak herrira joaten jarraitu dute. Etxe bat egin genuen. Asteburuetan, udan eta neguan etortzen gara”. Etxeondo izena du haien etxeak. Eta beraiek ez daudenean, landa-etxe bihurtzen dute.
Lizarragak azaldu duenez, udaz aparte asteburuetan ere joaten da Dorraora. “Orain hainbeste ez, ikastolaz kanpo kirola egiten baitut, eta denbora behar da horretarako. Baina, txikitan, astebururo etortzen ginen”. Antsoaindik ordu erdi eskasera egonda, Dorraora etortzeko batere alferkeriarik ez du izaten. Auzmendik azaldu duenez, “gu jubilatuta gaude. Ostegunetik astelehenera Unanura etortzen gara. Eta astelehenetik ostegun arte Ordizian egoten gara. Han ere badugu familia, eta partekatu behar dugu. Gainera, gertu dugu Unanu; Ordiziatik hona segituan sartzen gara. Aste bukaeretan hona etortzeak ez digu inongo alferkeriarik sortzen. Egokitutako etxea dugu, eta gustura etortzen gara”. Ameztoik uda guztia ematen du Lizarragan. “Bakarrik udan etortzen gara. Asteburuetan-eta, ez. Etxe zaharra dugu. Ez dugu berogailurik. Gu neguan etortzeko ez dago prestatuta. Horregatik, beti udan etortzen gara, urtero”.
Arrazoiak
Oporrak Ergoienan pasatzearen zergatiaz galdetuta, Ameztoiren oporretarako hautua Lizarraga da, “guretako oso berezia delako. Haurtzaroa pasa dugu hemen. Gaztaroa. Gazte ginela Lakuntzako, Dorraoko, Arbizuko festetara joaten ginen. Barreak. Goizaldeko ordu biak edo hirurak arteko elkarrizketak. Hemen dago gure arima”. Gaineratu duenez, “hemen dena dugu: lehengusuak etortzen direla, kantatzen aritzen garela… Hain dugu maite munduko beste inon ez ginetekeen hain gustura egonen. Familia da. Goxotasuna da. Urtero etortzen gara, etxea hemen dugulako. Asko maite dugu etxea, giroa, dena”. Eta gaineratu du: “nire semeak handitu dira. Etorri izan dira, eta plazan gozatu izan dute. Gure bihotza hemen dago”.
Auzmendik “lasaitasuna” nabarmendu du. Bere koinataren familiarekin bizi da Unanun. “Eta gero lagunarte on bat egina dut eta primeran egoten gara hemen. Ez gara asko. Baina garenok egunero elkartzen gara elkartean. Gure tertuliatxoak eta afariren bat edo beste ere tokatzen da. Gustura etortzen gara”.
Lizarragari “Dorraok espazioa ematen” dio, “Iruñeaz pitte bat ahazteko. Mendia. Dorraoko kuadrilla ez da egunero ikusten ditudan pertsonak. Bi kuadrilla izatea oso ongi dago. Niri asko gustatzen zait pertsona batzuk ezagutzea, eta oso gustura”. Alde praktikoari ere begiratu dio: “etxe bat dugu, eta joateko toki erraza da”.
Hartu
Herriak zer ematen dien galdetuta, Lizarragak Ameztoiri “lasaitasuna, familia, babesa” ematen dizkio. “Mundua gerran egon daiteke, baina hemen dena familia denez… Lehengusua etortzen da eta laguntzen digu. Etortzen da… Niretako babesa da. Gustura egotea. Etxera bueltatzea”. Eta nabarmendu “paisaia miresgarria” dela. Lizarragak ziurtatu duenez, “Dorraon beti oso ongi pasatzen dugu”. Auzmendik aitortu duenez, “mendiak betetzen nau gehien. Hemen daukagun mendi honek berealdiko xarma dauka orain. Atletismoan ibili naiz eta oraindik ere pixka bat ibiltzen naiz. Eta hemen berealdiko soltura daukat kirol hori egiteko”.
Hala ere, udaren eta neguaren arteko alderaketa egin nahi izan du: “negu partean tristeagoa izaten da, eguraldiagatik eta jende gutxiago egoten delako. Baina udaberri-uda aldera jende gehiago arrimatzen da”. Lizarragak jakinarazi duenez, gazteek badute non bildu Dorraon: “Itur aldea elkartearen azpian gaztetxe moduko bat egin ziguten, eta neguan, eta hotz handia egiten duen momentuetan hara joaten gara”. Etorkizunean, elkarteko bazkide eginen dira.
Oporretako gogoko uneak ere aipatu ditu Ameztoik: “lehengusuak etorri eta denak elkartzen garen gauak. Garai bateko kontuak kontatzen hasten gara. Holako eta halako. Barreak. Akaso, kantuan hasten gara. Eta goizaldeko ordu bata edo ordu biak arte egoten gara, gustura. Bazkal garaian ere, denak elkartuta”.
Gaineratu duenez, paseoak ere egiten dituzte urtean barna elkar ikusten ez duten lehengusuek. “Bide bat hartzen dugu eta han gure konfidentzien larrea dugu. Han eserita, urtekoak kontatzen dizkiogu elkarri. Hura gure txokoa da”. Lizarragako beste lehengusu batzuekin Izar Ondora afaltzera joaten dira. “Patxadarako uneak ere baditugu. Atzean dugun baratzenan aurten arbolak eta loreak landatu ditugu. Han hartzen dugu eguzkia. Telebista pixka bat ikusi. Gero ganbarara joan. Eraikin zaharra denez, urtero txukundu beharra dago. Egunak berehalakoak pasatzen zaizkigu”. Auzmendiren eguneroko lana okinaren zain egotea da. 09:00ak aldera iristen da Unanura, eta horretan harrapatu genuen.
Lizarragak esan duenez, “udan, bero egiten duen egunetan, Leziza errekara joaten gara. Han, egia esan, oso gustura egoten gara. Urtea behin, Gaztelura igotzen gara. Eliza bat dago, eta kuadrilla guztiak kanpaldi gaua egiten dugu. Han ere oso gustura”. Azken hori ez dute eginen, COVID-19 gaixotasunaren kutsatzeak saihesteko.
COVID-19
Auzmendik argitu duenez, “gu hemen harrapatu gaitu eta hemen egon gara, hiru hilabete Ordiziara joan gabe. Eta primeran. Hemen askatasun handia daukagu. Eta jendea orain ari da konturatzen herri txikiek bere gauza ona badutela”. Bilbon izan zen Ameztoi eta pandemiak eragindako itxialdia Antsoainen harrapatu zuen Lizarraga. “Nigatik Dorraon pasako nuen itxialdia. Gainera, etxea handiagoa da. Baina ez dugu Wifi onik eta ikastola on-line jarraitu behar izan dugu. Bestela, Dorraon”.
Bestelako gaitza ikusten dio Auzmendik herriari “Unanu geldirik dago. Herri txiki hauei ez die interesik ematen goiko jende horrek, eta herriak daude pixka bat ahaztuta”. Eta mendizaleen asteburuetako etorreraren ondorio bat jarri du adibide gisa: “hona etortzen diren ibilgailu guztiendako ez dago tokirik, eta horri bueltak ematen ari dira: aparkaleku bat non egin, edo nola. Hori da kontzejuak orain duen arazorik handiena. Ekonomikoa da arazo handiena, eta goitik ez dago laguntza handirik”.