Txirrindularitza

Tourra: larunbateko erorikoei eta atzoko lehen mendiei aurre egin diete Erbitik eta Izagirrek

Guaixe 2020ko abu. 31a, 11:42
Imanol Erbiti, eroriko baten ondoren. Argazkia: Movistar Team.

Larunbateko lehen etapa irristakorrean Imanol Erbiti hirutan joan zen lurrera. Gaur 3. etapa jokatuko da, Niza eta Sisteron artekoa

Larunbatean hasi zen Frantziako Tourra, euriak baldintzatutako etaparekin. Erorikoak bata bestearen atzetik gertatu ziren –Imanol Erbiti hiriberriarra (Movistar Team) hirutan joan zen lurrera, baina zorionez arazo larririk gabe– eta abiadura moteldu eta etapa lasai egitea adostu zuten, esprintean despeditu zena. Atzokoa, Nizan hasi eta despeditu zena, etapa gogorra izan zen, bezperan erorikoak izan zituztenendako bederen. Horregatik, askorendako, eguna libratzea nahikoa izan zen. Julian Alaphilippe frantziarrak (Deceuninck) irabazi zuen etapa, esprintean, eta berak lortu zuen ere maillot horia, berriki zendutako aitari eskaini ziona. Eta proban parte hartu zuten bi sakandarrek, Gorka Izagirre Ziordiko bizilagunak (Astana) eta Imanol Erbiti Hiriberrikoak (Movistar Team), euren liderrak babestu eta etapa ahalik eta txukunena egitea izan zuten helburu. Gorka Izagirre 37. postuan sartu zen, 17 segundora, eta Imanol Erbiti 127. postuan, 21:38ra. 

Sailkapen orokorrean Alaphilippe da liderra, Adam Yatesi (Mitchelton) 4 segundo aterata. Gorka Izagirre 36.a da, 34 segundora, eta Imanol Erbiti 125.a, 21:53era. 

Gaur Nizan hasi eta Sisteronen despedituko da Tourreko 3. etapa (198 km). Esprinterrendako aproposa da, 3. mailako hiru portu eta 4. mailako portu bat baititu, etapa nahiko laua, beraz.