Pilota

Masters CaixaBank: Olaizola-Zabaleta eta Bengoetxea-Martija finalerdietako postuetan, eta Ezkurdia-Aranguren puntu bat beherago

Guaixe 2020ko abu. 31a, 13:50

Masters CaixaBank Torneoko 11. jardunaldian Olaizola II.ak eta Zabaletak 22 eta 21 irabazi zioten Altuna III.ari eta Imazi eta Bengoetxea VI.ak eta Martijak 14 tantotan utzi zituzten Ezkurdia eta Aranguren

Aurrera doa Masters CaixaBank Torneoa eta gaur, hain zuzen ere, 11. jardunaldiko azken partida jokatuko dute Urrutikoetxeak eta Irribarriak Jaka ordezkatuko duen Peio Etxeberriaren eta Albisuren kontra, 19:00etan, Lekeition. Gainontzeko partidei dagokienez, Olaizola II.ak eta Zabaletak garaipen oso garrantzitsua lortu zuten Altunaren eta Imazen kontra, partida oso estuan, soilik puntu batengatik gailendu baitziren goizuetarra eta etxarrendarra (22 eta 21). Zabaletaren pilotakadak ezinbestekoak izan ziren urrezko puntua lortzeko. 

Bestalde, atzo, Leitzan, derbi sakandarra jokatu zen. Ezkurdiak eta Arangurenek Oinatz Bengoetxea eta Martija izan zituzten aurkari. Partida polita izan zen, eta nahiz eta Ezkurdia eta Aranguren aurreratzen hasi, Bengoetxeak eta Martijak egoerari buelta eman zioten eta garaipen ederra lortu zuten (22 eta 14). Ezkurdiak pilotakada ederra jaso zuen buruan, Arangurenen jaurtiketa batek estraño bat egin eta behera egin ondoren, baina, zorionez, guztia susto ederrean geratu zen. Bengoetxeak eta Martijak puntu oso garrantzitsua lortu zuten, euren 7.a, eta 6 punturekin utzi zituzten Ezkurdia eta Aranguren. 

Gauzak horrela, eta 11 jardunaldi jokatuta, Artola eta Rezusta dira Masters CaixaBank Torneoko lider sendoak (10 puntu). Altuna III.a-Imaz, Olaizola II.a-Zabaleta eta Bengoetxea VI.a-Martija dira hurrenak, zazpina punturekin. Bosgarren postuan daude Ezkurdia eta Aranguren, puntu bat gutxiagorekin (6 puntu). Gaurko partidako emaitzaren faltan, 6. postuan daude Jaka eta Albisu (5 puntu); Elezkano II.a-Aretxabaleta 7. postuan daude (puntu 1) eta Urrutikoetxea eta Irribarria zuloan, 8. postuan, punturik ez garaipenik gabe. 

12. jardunaldia
Hurrengo asteburuan torneoko 12. jardunaldia jokatuko da. Bengoetxea VI.ak eta Martijak Jaka eta Albisu izango dituzte arerio (ostiralean, 21:15ean, Aiegin); Olaizola II.a eta Zabaleta Elezkano II.aren eta Aretxabaletaren kontra ariko dira (larunbatean, 17:30ean, Lezaman); Altuna III.a-Imazek eta Artola Rezustak lehen bi sailkatuen arteko partida jokatuko dute (igandean, 17:00etan, Lekeition), eta Ezkurdiak eta Arangurenek Urrutikoetxea eta Irribarria izango dituzte arerio (hurrengo astelehenean, 20:00etan, Lekeition).