Txirrindularitza

Nahia Imaz eta Igor Arrieta, Euskadiko txapeldunak

Guaixe 2020ko ira. 3a, 17:50
Nahia Imaz Lakuntzako Sakana Fundizioa sarian, Lizarragako portuan gora. Argazkia: Martin Early.

Kadeteetan Mikel Uncillak Lakuntzako Sakana Fundizioa saria irabazi zuen, eta Nahia Imazek Euskadiko Txapelketa.  Aimar Tadeo ere aurrean ibili da. Juniorretan Igor Arrietak Nafarroako eta Euskadiko Txapelketak irabazi ditu

COVID-19 birusak hankaz gora jarri du txirrindularitza denboraldiko egutegia, eta oso gutxi izan dira aurten jokatu diren lasterketak. Hala ere, jokatutakoetan maila ona eman dute gure txirrindulariek.

Tadeo, Uncilla eta beste
Kadeteen mailan, Aimar Tadeo (Sakana Group-Aralar) eta Mikel Uncilla (Quesos Albeniz-Burunda)  ibili dira aurreko tokietan. Aimar Tadeo 2. sailkatu zen Beran eta 10. Legarian, baina bere jaioterrian, Lakuntzan, abuztuaren 25ean jokatutako Sakana Fundizioa Sari Nagusian urduri aritu zen; 28. postuan sartu zen helmugara. Hain zuzen ere, Mikel Uncillak irabazi zuen proba. Gainontzeko sakandarrak txukun dabiltza. 

Nahia Imaz Euskadiko txapelduna
Emakumezkoetan, Nahia Imaz bigarrena sailkatu zen Lakuntzako Sakana Fundizioa Sari Nagusian, lehen kadetea, eta horretaz gain, abuztuaren 2an Segurako Euskadiko Txapelketan hirugarrena sailkatu zen, kadete mailan lehena. Hortaz, Euskadiko kadete txapelduna dugu Nahia Imaz. 

Juniorrak ongi
Junior mailari dagokionez, Igor Arrieta (Sakana Group-Aralar), Iker Mintegi (Quesos Albeniz-Burunda) eta Kortesko Unai eta Hugo Aznar anaiak (Quesos Albeniz-Burunda) dira aurreneko postuetan dabiltzanak, Aitor Alberdi eta Mikel Olaetxearekin batera. Arrietak Lacturale Trofeoa irabazi zuen uztailaren 29an, Nafarroako Junior Txapelketa irabazi zuen, eta abuztuaren 14an jokatutako Euskadiko Junior Txapelketan txapeldun handia izan zen. Unai Aznar bigarrena sailkatu zen, Hugo Aznar seigarrena eta Iker Mintegi bederatzigarrena, guztiak Top-Tenean. Horretaz gain, Hugo Aznar bigarrena izan zen Villatuertako Zirkuituan, Aitor Alberdi hirugarrena, Mikel Olaetxea laugarrena eta Iker Mintegi bosgarrena. 

Martxel Etxeberriak denboraldiari agur
Tamalez, aipatzekoa da Martxel Etxeberri iturmendiarrak (Sakana Group-Aralar) denboraldiari agur esan behar izan diola dagoeneko sendabidean dauden osasun arazo batzuk direla medio.