Herritarren parte-hartzea bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatuko dituzte ibarreko lau erakundek. Horiek aurrera egiteko Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emandako dirulaguntza jasoko dute. Arakilgo Udalak ibarraren beharren diagnosia egin eta etorkizuneko erronkak zehazteko 4.415,39 euro jaso ditu. Oihana Olaberria Jaka alkateak azaldu digunez, “parte hartze prozesuaren bidez, jendearen iritzia jakinda, Arakilen beharrak ikusi eta etorkizunerako norabidea eman nahi genuen”. Olaberriak gaineratu duenez, “prozesua martxoan hastekoa zen, baina pandemiarekin bertan behera gelditu zen. Heldu den astean dugun bileran erabakiko dugu aurten hasi edo heldu den urterako utzi”.
Arruazuko Udalak herriari buruzko plan estrategikoa egiteko parte hartze prozesua sustatuko du. Horretarako, gobernuaren 3.836,01 euroko dirulaguntza du. Gorka Ovejero Ganboa alkateak jakinarazi duenez, “plan estrategikoa heldu den urteraino atzeratu dugu gutxienik. Iazko kontuetan 3.000 euroko deskoadratzea izan genuen eta gastua 20.000 eurotan handiagoa izan zen”. Ovejerok azaldu duenez, “gure kontuetan diru nahikotxo dugun arren, austerizidioak behartu egiten gaitu ‘doikuntzak’ egin eta inbertsioetan eta proiektuetan murrizketak egitera”. Alkatea Aurrekontuen Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Legeaz ari da, administrazioei dirua erabiltzeko mugak ezarri zizkienaz. Arrazoi horregatik Arruazun aurten ez dute plan estrategikorik eginen. Bestetik, Ovejero kexu da jasotako laguntzarekin: “gure plan estrategikoa egiteko 15.000 euro bideratu behar genuen eta dirulaguntza % 50etik %80ra izanen zela espero genuen. Baina eman diguten laguntza negargarria da eta, ofizialki, aurten uko egin diogu dirulaguntzari”.
Lakuntzako Udalak, berriz, herritarren parte-hartzearekin mugikortasun plana egin nahi du. Parte-hartze dinamikak sustatzeko gobernuaren 1.149,5 euro jasoko ditu. Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza alkateak azaldu duenez, “batetik, lakuntzarren parte-hartzearen bidez pertsonen eta ibilgailuen arteko ‘gatazka’ guneak identifikatu nahi ditugu. Bestetik, herriaren espazio gehiago oinezkoendako bihurtu behar diren edo ez aztertuko da. Horrekin batera, oinezkoendako puntu beltzak izan daitezkeenak ere identifikatu nahi dituzte, espaloiak eta halakoak. Azkenik, Lakuntza irisgarriagoa lortzea oztopatzen duten puntu beltzak ere identifikatuko ditugu”. Parte-hartze prozesua irailean eta lastailean eginen dela aurreratu du.
Azkenik, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Bilketa Zerbitzuak saltokiei begirako “Zero hondakinak” marka sustatu nahi du. Zerbitzuko arduradun Olatz Garde Mazkiaranek esan duenez, “zero zaborrerako Sakanako bidean denda eta establezimenduen laguntza jaso nahi dugu. Haien aldetik ekarpenak eta hobekuntzak jaso nahi ditugu gero marka sortzeko”. Gardek gaineratu duenez, “markarekin ikusarazi nahi dugu helburu horretan laguntzen duten establezimenduak direla eta, bestetik, zero zabor ideia herritarren artean zabaltzeko bidea direlako”. Parte hartze prozesua aurten edo heldu den urtean eginen duten zehazteko dute oraindik.