Euskaltegiek euskararako atea zabaldu dute

Guaixe 2020ko ira. 8a, 09:00
Nafarroako Gobernuaren egoitzan egin zuten kanpainaren aurkezpena.

Euskara ikasteko ikastaroetan matrikulatzeko epea zabalik dago. Sakanako AEKren Itsasi euskaltegia astegunetan 09:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era dago zabalik. Altsasuko Gartzia Ximenez kaleko 46. zenbakitik pasa edo 607 624 392 hots egin daiteke. 

Ikasturte berriarekin asmo berriak. Eta euskara ikasi nahi duten pertsona helduak (16 urtetik gorakoak), dagoeneko euskaltegietan izena emateko epea zabalik dute. Euskara ikasteko ikastaroetan izen ematea sustatzeko asmoz,  Nafarroako Gobernuak, Sakanako Mankomunitateak eta herrialdeko beste 35 toki entitateek “Hurrengoan euskaraz!” kanpaina aurkeztu dute, “euskaldunekin euskaraz hitz egiteko aukera emanen dien pauso hori egitera animatzen dituena”. Horretarako, 2020-2021 ikasturtean, Nafarroan dauden ia 30 zentroetan izena emateko aukera dute.

Nafarroa Suspertu Planaren barnean, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren neurrietariko bat da, hain zuzen ere, euskararen irakaskuntza helduendako egokitzea, euskara irakasten jarraitu ahal izatea bermatze aldera. Horretarako, aurreko ikasturtean egokitu egin ziren euskaltegiak, eta Internet bidez eman zituzten klaseak. 2020-2021 kurtsora berrira  online modalitatearekin batera, presentzialak eta erdi presentzialak eskainiko dituzte.

Adierazpenak
Euskarabidearen zuzendari Mikel Arregik euskaltegiek egindako lana azpimarratu zuen kanpainaren aurkezpenean; izan ere, “eskaintza mantentzeaz aparte, telelanaren eta erreminta birtualen bitartez aberastu egin dute”. Arregik gaineratu zuenez,”euskaltegiek ekarpen garrantzitsua egin diote Nafarroako gizarteari eta egiten jarraituko dute, orain bizitzea egokitu zaigun krisi-garai honetan ere”.

Tokiko erakundeen ordezkari izan zen Berriozarko alkate Raul Imaz eta nabarmendu zuenez, “euskara sustatzeko udalerriek egiten duten sare-lana garrantzitsua da, gero eta proiektu gehiago garatzen baitituzte era guztietako eskaerei erantzuna emateko”. Gaineratu zuenez, “garrantzitsua da euskara ikastea udalerriek osatzen duten ingurune naturalean eta euskaltegiak bezalako hurbileko espazioan”, adierazi du. Azkenik, gehitu zuenez: “hizkuntza hau ikasteak sozializatzeko aukerak  eskaintzen ditu euskararena bezalako komunitate dinamikoan”.

Euskara irakasteko ekimen sozialeko zentroen izenean, IKAko Aitziber Garraldak esan zuen: “zentroetan, gure eskura dauden neurri guztiak jarriko ditugu klaseak osasun-arloko berme guztiekin eskaintzeko”; era horretan, gizarte osoa “euskara ikastera” animatu nahi izan du, “geure hizkuntza propioa delako eta etorkizuna euskaraz izango delako”.

% 70 dirulaguntza 
Sakanako Mankomunitateak euskara ikasten duten sakandarrei dirulaguntza emateko diru-poltsa du eta haren bidez matrikularen % 50 pagatu dezake ikasleak. Nafarroako Gobernuak ere dirulaguntza deialdia eginen du aurki eta haren bidez matrikularen % 20 estali daiteke. Beraz, euskara ikasten duten helduek matrikularen % 70 diruz lagunduta dute. Gainera, ibarreko udal batzuk matrikularen beste % 30 pagatzen dute. Erakundeek diruz laguntzen dituztenak dira: ikastaroak, ikastaro trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzarako ikastaroak. Informazioa gehiago nahi duenak 948 464 840 telefonora edo euskara@sakana-mank.eus e-postara idatz dezake. 

Informazio gehiago
https://aprendeeuskera.navarra.es 
https://euskaraikasi.nafarroa.eus 

6.000
Baino gehiago izan ziren Nafarroan euskara ikasi zutenak joan den ikasturtean.