Aurreko ikasturtea ikas komunitateko kide guztien memorian iltzatuta geldituko da. COVID-19 gaitzaren agerraldiak ikastetxeak itxi zituen, eta etxetik segitu behar izan zutenekoa bezala gogoratuko dute. Baina hastear dagoen ikasturtea ere ez da ahazteko modukoa izanen, pandemiak baldintzatuta baitator. Gaitza ez hedatzeko hainbat osasun neurri hartu dituzte ikas komunitateek. Horregatik, ikasle eta irakasleak klasean musukoa jantzita ikusiko ditugu. Ikastetxe barruko desplazamenduak guztiz araututa egonen dira. Gainera, ordutegi jarraitua izanen dute ikasle guztiek, eta, jantokian bazkaldu ondoren, itxi eginen da ikastetxea, ez baita eskolaz kanpoko jarduerarik izanen.
Altsasun ostiralean hasi zen ikasturtea, gaur gainontzeko herrietan. Urdiaingo eskola publikoan irakaslea eta zuzendaria da Iñaki Gorrotxategi Pereda. 30 ikasle dituzte eta, beraz, ikasgeletan ez da ikasle asko pilatuko, “gutxi gorabehera 10eko ratioa dugu… batean 13, bestean 9”. Eskola txikia izanik lasai daude Urdiainen, “400 ikasle dituzten ikastetxeek guk baino lan gehiago izanen dute”. Irurtzungo Atakondoa eskola publikoko zuzendari Iñigo Zamargilea Rivas zuzendariak esan digunez, 510 bat ikasle izanen dituzte. Andra Mari ikastolako pedagogia zuzendaria da Olaia Martirena Razkin. 435 ikasle ditu ikastolak eta astelehenean bueltatuko dira klasera.
Klasera
Bai ikasleek bai irakasleak urte erdi eman dute klasean elkarrekin egon gabe. Bueltaz galdetuta, Zamargileak zehaztapena egin du: “fisikoki ez, baina beste modu batera gure ikasleen eta familien ondoan izaten saiatu gara”. Gorrotxategik esan digunez, “ez dakigu zer opatuko dugun klasera bueltan. Arraroa izan behar da. Batzuek ez gaituzte ezagutzen, irakasle gehienak berriak garelako”. Martirenak uste du “jendea bueltatzeko gogoz dagoela”. Urdiainen ari den irakasleak gaineratu duenez, “beraiek Google classroom eta halakoekin ibili dira eta, orain, berriro buelta klasera. Batzuk gogoz etorriko dira, besteak ez”. Atakondoako zuzendariak uste duenez, “denon gogoan dago berriz elkar ikustea, eta hezkuntza den bide liluragarri hau utzi genuen puntutik aurrera eramatea”.
Ikastolakoak azaldu duenez, “on-line hura ongi atera zen, baina ez da gauza bera. Pertsona bezala sozializatzea behar dugu. Haurrak desiotan daude. Irakasleak ere bai”. Jakinarazi duenez, “guk ikasturte bukaeran ‘agur’ moduko bat egin genuen, banan banakoa izan zen, oso bideratua, ordutegiarekin. Orduan ikasleak ikusi genituen, segurtasun neurriak bermatuz”. Bueltarako “gogoz eta urduri” daudela nabarmendu du, “ez dakigu zer etorriko den, nola hasiko garen. Joanen gara behar diren doiketak egiten”.
Ikasleek ikasketa ohitura berreskuratzeaz galdetuta, Martiarenak esan duenez, “denok pazientziaz eta xuabe-xuabe hasiko gara, halabeharrez. Ikasleak nola etorriko diren ere ez dakigu. Emozionalki ere zaindu behar dira. Azkenean, pedagogia baino lehen, hasieran, ongi orekatuak egon beharko gara. Horri garrantzia berezia emanen diogu. Behar denera arte lasai arituko gara”. Irakasleek ere egokitzapena beharko dutela gaineratu du.
Zamargilearen iritziz, “martxoan aldaketa izugarri bat planteatu zitzaigun eta aurrez aurreko irakaskuntzatik telematikora pasa ginen. Horrek ahalegin handia ekarri zuen. Ikasleek, irakasleek eta familiek berrikasi behar izan genuen. Orain presentzialtasunaren bide hori ibiltzea tokatzen zaigu, baina oso ezaugarri desberdinekin. Aplikatu behar ditugun kontingentzia planek marrazten duten panorama da behar bada irakaskuntza berri batena”.
Gorrotxategik gaineratu duenez, “arraroa izanen da, askok galduta izanen dutelako ohitura. Normalean, hasieran kosta egiten bada, aurten bikoitza kostatuko zaigu”. Egokitzapenari “denbora gehiago eman beharko diogu” aitortu du Urdiainen irakasle denak. “Normalean, lehenengo egunean gelako arauak eta halakoak lantzen dira. Eta aurten kontingentzia plana gehitu behar diogu: zer egin dezaketen, zer ez, nola…”
Irakasleez
Urdiainen berez bost irakasle dira, eta gero beste eskoletatik hiru irakasle joaten zaizkie: erlijiokoa, orientatzailea eta terapia pedagogia eta entzuketa eta lengoaiakoa. Ikastolan 47 irakasle, laguntzaile eta hezitzaile daude. Azkena atzo iritsi zen. Atakondoan 64 irakasle daude. Zamargileak gaztigatu duenez, ikasturtero kontratazioekin gauza bera gertatzen da: “oinarri bat kontratatuta egoten da eta hasieran beti egoten dira jardunaldi murrizketa eskaerak eta bestelakoak. Horiek plantilla doitzera behartzen dute. Azken momentuan, denek batera”. Horregatik, Irurtzunen departamentuak falta zaizkien irakasle gutxi horiek bidaltzeko zain daude.
Haur Hezkuntzan gelako 25 ikasle izatetik 20 izatera pasa du ratioa Hezkuntza Departamentuak. Hala gertatu den ikastetxeetan gela gehiago sortuko dira eta haietara irakasle gehiago joanen da. Ez da hori ez Irurtzungo ezta Urdiaingo eskolen kasua. Zamargileak: “ez dakit tamalez edo zorionez esan. Tamalez, gela txikiagoak izateak hobekuntza ekartzen duelako arretan, aukera gehiago tratu pertsonalizatuagoa izateko. Bestalde, desdoblamendurik ez da izan talde oso handiak ez direlako. 20ko talde bat dugu, baina ez dute zatitu”. Andra Mari ikastolak 20 ikasle baino gehiagoko bi gela zituen. Martiarenak azaldu duenez, “gela horiek zatitu ditugu, baliabideak eman dizkigutelako”. Bi irakasle berri hartu dituzte. “Hortik aurrera, Lehen Hezkuntzan guk 21ekoa dugu gelarik handiena. Eta DBHn gehiena 30ekoa da. Denak ratioen barruan daude”.
Bestetik, Lehen Hezkuntzan gelako 20 ikasleko ratiotik pasatzean departamentuak ikastetxeetara errefortzua bidaltzen du: irakasle plaza oso baten herena. Horretaz aparte, jardunaldi jarraitua ezarri du Hezkuntza Departamentuak ikastetxe guztiendako. Irurtzungo eta Urdiaingo eskolak eta Andra Mari ikastolak ordutegi hori zutenez, ez da aldaketarik izanen.
Irakasleek hastekoa den ikasturteari begira dituzten sentipenez galdetuta, “erronkari heltzeko ilusioz, prest” daudela jakinarazi du Martiarenak. Gorrotxategik esan duenez, “ez zaigu inori gustatu etxean egotea, jendearekin harremanik izan gabe. Ez da gauza bera”.
Pertsonalki ikasturte berriari nola heldu dioten galdetuta, Gorrotxategik nabarmendu du berarendako dena dela berria, ikastetxea eta zuzendari ardura bera. Ahal duen moduan egokitzen ari dela jakinarazi digu. Zamargileak “naturalak” diren sentipenak bi taldetan sailkatu ditu. “Edozein egoera berriren aurrean urduritasun pixka bat izatea normala iruditzen zait. Gertatuko denaren inguruko espektatiba, nola joanen diren gauzak”.
Telematikoa
Tele-irakaskuntza ezarri zen aurreko ikasturtea despeditzeko. Gorrotxategiren iritziz, “asko nabarmendu da arrakala digitala. Klasean baino gehiago kostatzen zitzaien batzuei gauzak jarraitzea: ordenagailurik ez zutelako, etxean ordenagailu bakarra zeukatelako eta hiru anai-arreba zirelako…”
Martiarenak nabarmendu du “desberdina” izan dela. “Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera errazago egin zaigu. Adibidez, DBHn ikasle guztiek ordenagailu propioa zuten eta horretan arituak ziren. Bosgarren mailatik gorakoen trebeziak bestelakoak dira, baina maila horretatik behera zailxeagoa da. Gurasoen, familien inplikazioa, orokorrean behar izan dugu orokorrean”. Gorrotxategik aitortu duenez, “jende askok lan handia egin behar izan du: irakasleek, gurasoek… Haur zaharrenek bere kabuz eginen dituzte gauzak, baina txikiek gurasoen laguntza behar dute”.
Tele-irakaskuntzari alde positiboak eta negatiboak ikusten dizkio Zamargileak. “Positiboen artean, denok egokitzera, ikastera behartzera, pixka bat aldatzera behartu gaituela. Hori, berez, ona da. Gainera, ikasle, irakasle eta familiek teknologia eta bitarteko berriez asko ikastea ekarri du. Bestalde, alde negatiboena da aurrez aurrekoaren beroa galdu dela. Irakaskuntza berorik gabe ez da irakaskuntza”. Alde positiboari begira, Martiarenak nabarmendu duenez, “irakasleen gaitasun digitala maila altukoa da orokorrean. Ez zuenak ere, laguntza eskatuz, lortu du. Ikasturte berrira begira prestatuagoak sentitzen gara, lasaitasun pixka bat gehiago”.
Gurasoak
Ikasturte hasieran gurasoek ere kezka eta zalantza ugari izanen dituzte. Zamargileak esan digunez, “badaude gauza batzuk guretako ezinbestekoak direnak irakaskuntzan, eskola batean, eta horren inguruan informazio falta izugarria sumatzen dugu, zalantza asko. Badira zalantza batzuk departamentutik argitzen ez dizkigutenak. Guk gure lana behar bezala egiteko jakiteko gure beharra dugu. Eta, bestalde, badugu familien eskaera. Hedabideen bidez hainbeste gauza jaso ondoren, familiek jakin nahi dute nola izanen den. Guk geuk ere ez dakigu oso erantzuten hainbeste gauza”.
Gorrotxategik azaldu duenez, “gaur bildu behar gara haiekin kontingentzia arloan zer egin behar dugun azaltzeko. Orduan jasoko ditugu haien iritziak eta sentsazioak”. Martiarenak jakinarazi digunez, junta txikian dauden gurasoekin harremana izan dute. “Urduritasuna” sentitzen dute, “baina gogoa ere bai haurrak gelakoekin, beste herrietakoekin aritzeko. Hartu-eman hori izateko gogoz”. Ikasturte hasieraren inguruko gurasoen galderak izan dituztela ere jakinarazi du.
Zamargileak aitortu du familien dei eta e-posta dexente jaso dituztela zalantzak kontsultatzeko. Atakondoakoek e-posta bidez bidali diete familiei aurreneko informazioak. Gainera, kontingentzia planaren eta antolakuntza berriaren orokortasunen berri ematen duen bideoa egin eta zabaldu dute (sarrera-irteerak, jangela, garraioa, maskararen erabilera…). “Horren bidez zalantza handienak erantzuten saiatu gara”, argitu du Zamargileak. “Bestalde, hiru urteko, ikasle berrien familiekin ere gaurtik hasita kontaktua izan behar dugu, heldu den hasten hasiko baitute egokitzapen hilabetea”.
Ikastetxeaz
Pandemiak ikastetxeak ere aldatu ditu. Joan-etorriak nola egin jakiteko seinaleztapenak jarri dituzte ikastetxe guztietan. Atakondoan aldez aurretik zituzten espazioekin moldatu dira. “Bikoizketak egin ahal izateko, zuten eginkizuna aldatu behar izan diegu gela batzuei. Esaterako, liburutegia gela bihurtu da”. Urdiaingo eskolan ez dituzte gela gehiago sortu behar izan. “Hemen muga gehienak jada jarrita daude. Hiru gela ditugu eta geletan ez dugu asko egin behar izan”.
Martiarenak azaldu duenez, Haur Hezkuntzan bi geletatik lau atera dituzte. Garai batean botatako pareta bat atzera jaso behar izan dute. Eta Lehen Hezkuntzako ingeles gela zena Haur Hezkuntzako gela izatera pasa da. Izan ere, ikastetxeetako gela espezifikoak, komunak direnak, ezin baitira horrela erabili. Gainontzeko gelak bere horretan utzi dituzte.
Ikastetxeetarako sarrera kontrolatua izan behar du. Ikastolak pertsona bat jarriko du sarreran eta patioko zaintza ordu gehiago izanen dira ere. Zamargileak gaineratu duenez, “patio txanda gehiago egotearekin zaintza txanda gehiago egin beharko dira. Berez ikasturteak irakasleriari maila askotan exijentzia handiagoa eskatuko dio. Askoz denbora gutxiago izanen dugu eskolak prestatzeko, familiekin egoteko, trebatzeko eta abar”. Irurtzungo eskolaren funtzionamenduan aldaketa handienetako bat izanen da familiek ezin izanen dutela ikastetxera sartu. “Dena oso araututa dago eta ikastetxe barruko bizitza pixka bat mugatzen du”.
Garbiketa
Urdiainen indartu eginen dute eta egunero beste behin sartuko dira garbitzera eta ikastolako garbitzaileak ordu gehiago ariko dira lanean. “Goizez bat egonen da”. Klaseak bukatzean irakasleek mahaiak desinfektatuko dituzte, erabiltzen dituzten materialak desinfektatuta utziko dute. Irurtzunen garbiketa zerbitzua handitu dute. “Lehen ez genuen goizeko txandarik. Komunak garbituko dituzte. Egunean hirutan garbitzea agindu baitute. Psikomotrizitate gela ere garbituko eta desinfektatuko dute, hala bitan erabiltzeko aukera izateko”.
PCR probak
COVID-19 gaitza ikas komunitatean presente dagoen edo ez jakiteko ikasturte hasieran PCR probak egiteko aukera mahai gainean izan dute hezkuntza arloko arduradunek. Urdiainen ez diete halako proben inguruko ezer ez esan, eta ez dietela eginen uste dute. Ikastolan ere horretaz ez dakite ezer. Irurtzundik argitu dutenez, “ez dira proba masiboak eginen, departamentuak bahetzeak eginen ditu. Baina ez dakigu nolakoak izanen diren”.