Irurtzun eta Arakilgo bertako Ganadu azoka bertan behera

Guaixe 2020ko ira. 4a, 14:13

Irailaren 13an ospatzekoa zen azoka, Irurtzunen, baina antolatzaileek "osasun krisiaren ondorioz, osasun publikoko arrazoiengatik" ez egitea erabaki dute. 

Arakilgo eta Irurtzungo udalek antolatzen dute urtero Irurtzungo eta Arakilgo bertako Ganadu Azoka. Zortzigarren edizioa izanen zen aurtengoa. Irailaren 13an, igandea, ospatzekoa zen, baina koronabirusak sortutako "osasun krisiaren" ondorioz, eta "osasun publikokok arrazoiengatik" bertan behera uztea erabaki dute. Antolatzaileek esan dutenez, nahiz eta azoka ez den eginen, "ezaugarri diren balioekin bat etorriz, Sakanako gizarte hausnarketa sakona egitera animatu nahi dugu, nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorren garrantziari buruz". Gizartea kontsumo ohitura "arduratsu eta iraunkorrak" hartzera gonbidatu dute, "nekazaritza eta elikadura eredu bidezko eta bertakoa lortzeko". 

Azoka antolatzeko Arakilgo eta Irurtzungo udalek Sakanako Garapen Agentziaren, Plazaola Partzuergo Turistikoaren, Nafarroako arraza autoktonoen elkarteen, Arbaso Euskal Herriko artisauen elkartearen, Belardi Sakanako ekoizle txikien elkartearen, EHNE-Bizilu nekazaritza-sindikatuko kideen eta Bidelagun Sakanako turismo elkartearen laguntza izaten dute.