Txirrindularitza

Tourra: Sakandar asko Tourreko Pirinioetako etapak animatzen

Guaixe 2020ko ira. 7a, 12:10

Izagirre, Pirinioetako etapa batean.

Gorka Izagirrek eta Imanol Erbitik talde lan garrantzitsua egin zuten euren taldekideak babesteko

Ez gaude ohituta irailean Donostiako estropadekin batera Tourreko Pirinioetako etapak jokatzera, baina urte berezi honek ezohiko ekitaldiak ekarri dizkigu. Donostia itxita eta arraunlariak zalerik gabe zeuden bitartean, Pirinioetako portuak zalez beteta zeuden eta kontraste ederra sortu zuen horrek. Arraroa egiten zen ekitaldi batean horrenbeste jende ikustea. Eta, tartean, urtero bezala, makina bat sakandar hurbildu ziren Pirinioetako etapak zuzenean jarraitzera. Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, baina ikurriñak, presoen aldeko banderak eta Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko irudiak eta banderolak izan ziren nagusi, eta euskal txirrindulariek zaleen babesa jaso zuten. 

Bi etapak ikusgarriak izan dira, maillot aldaketa eta guzti. Adam Yatesek (Mitchelton) Primoz Roglic (Jumbo) indartsuari pasa zion liderraren maillot horia atzoko etapa ikusgarrian. Hirshik (Team Sunweb) eguneko ihesaldia egin zuen eta bakarrik osatu zuen tarte gehiena, baina azken portuko jaitsieran hura harrapatzea lortu zuen bere atzetik zegoen taldeak eta esprint estuan  Tadej Pogacar (UAE Emirates) izan zen azkarrena, Roglic eta Hischiren aurretik. Talde berean sartu ziren Egan Bernal eta Mikel Landa. Gauzak gehiegi aldatzen ez badira, beraiek dira gizon indartsuenak, eta akaso Roglic gailentzen da euren artean, nahiz eta berak esan Pogacar dela indartsuena. 

Sailkapen orokorra
Primoz Roglic da lider berria, Bernali 21 segundo eta Guillaume Martini 28 segundo aterata. Mikel Landak ostiralean galdutako denbora gutxitzea lortu zuen eta Top Tenean sartu da: 10. postuan dago, 1:42ra. Gorka Izagirrek (Astana) eta Imanol Erbitik (Movistar Team) euren taldeendako talde lan ikusgarria egin dute eta orokorrean 30. eta 109. postuetan daude. 

Gaur, lehen atseden jardunaldia du Tourrak, eta bihar, Ile d´Oleronen hasi eta Ile de Rén despedituko da etapa laua, esprinterrendako egokia.