Kosk eta kosk

Guaixe 2020ko ira. 15a, 12:27

Kastorea. NAF. GOBERNUA

Ibaietan bizi dira, eta eboluzioaren eraginez, etengabe handitzen zaizkie hortzak. Horregatik, zuhaitzak hozkatzen dituzte. Kastoreak dira. Eta Sakanan daude. 

Erdi Arora arte Euskal Herriko ibaietan kastoreak egotea ohikoa zen, baina XVII. mendean desagertu ziren. Arrazoiak ez daude argi, baina adituek ehiza aipatzen dute arrazoi nagusi bezala: kastoreen azal leuna jantzigintzan oso preziatua zen eta haragia ere oso estimatua zen. Desagertu zirenetik hiru mende pasa direnean, bueltan dira kastoreak.

2003. urtean iritsi ziren kastoreak Nafarroara. Iritsi baino gehiago, “modu ilegalean” ekarri zituzten Enrique Castien Arriazu Nafarroako Gobernuko Naturagune eta Babestutako Espezieen saileko Espezie eta Habitat bulegoko buruak gogoratu duenez. Belgikako talde ekologista batek Bavieran hazitako 18 animalia ekarri zituen, eta Aragoi ibaian askatu zituzten, Nafarroa hegoaldean. “Konturatu ginenean ibaian kastoreak zeudela haiek desagertzeko saiakera bat egin zen, baina behin naturan dagoenean, oso zaila da”. Kastoreak bataila irabazi zuen, eta ugaltzeko eta moldatzeko ahalmen handia duenez, ia Nafarroa osoko ibaiak konkistatu zituen.

Galdutako espezie bat berreskuratu nahi denean, “gauzak ongi” baloratu behar direla azaldu du Castienek. “Buruarekin eta hausnarketa sakon bat egin ondoren egin behar da”. Azaldu duenez, “kontuan izan behar da Erdi Aroko egoera sozioekonomikoak ez direla gaur egunekoak”. Gainera, animalia batzuk kanpotik ekartzen direnean, “eta populazio bat sortu nahi duzunean”, ezin dira besterik gabe “atea ireki eta aske utzi”, izan ere, animalia horiek gaixotasunak eta bestelako kalteak eta arazoak ekar ditzakete. “Horregatik, desagertutako espezieak berreskuratzea aurreikusita dago, baina ezin da horrela egin”. Estatuan berreskuratzeari buruzko lege bat dago, “eta ongi dago”. Kastorearena “gaizki”egin zen. “Justizia norberaren eskutik hartzea da, espezie hori egon behar dela pentsatzea, ekartzea, eta askatzea”.

Dagoeneko Nafarroa ia osoan daude kastoreak. Baita Burunda-Arakil ibaian ere. “Ez dute ibaia gora egiteko arazorik”. 20 kilogramko baino gehiagoko animaliak dira, eta ibaietan bizi dira, baina lurrean ere ibiltzen dira. Horregatik, ibai batetik beste batera mugi daitezke. “Ur banaketa pasa dute, eta Kantauri isurira pasa dira dagoeneko”. Horrek esan nahi du mendiak ere zeharkatu dituztela. Uretan oso bizkorrak, baina lurrean “baldarrak” direla esan du Castienek.

Bi kastore mota daude: europarra edo castor fiber eta kanadar kastorea edo castor canadensis Ipar Amerikan bizi dena. Izatez, nahiko antzekoak dira, eta Nafarroan europarra dago. Castienen arabera, “ur arratoi handi bat bezalakoa da”. Familia taldeetan bizi dira: normalean ar bat, eme bat eta aurreko umealdiko kumeak bizi dira, independizatzen diren arte. “Normalean talde bakoitzean bi eta zortzi animalia bitartean bizi dira”. Ibai ertzetan, ur azpian, gordelekuak egiten dituzte. Europarrek ez dute tendentziarik, baina kanadar kastoreek, gordelekua uretatik kanpo gelditzen zaienean, urtegiak egiten dituzte ondoan, “uraren maila igotzeko eta sarrera beti ur azpian gelditzeko asmoarekin”. Urtean hiru kume inguruko umealdia izaten dute.

Ibaia da haien etxea
Ibaian bizi dira, eta lurraldekoiak dira. Familia taldeak baztertzaileak dira, hau da, familia talde bakoitza lurralde jakin batean dago eta arrek bere lurraldearen mugak markatzen dituzte, defentsarako eta bere talderako janaria lortzeko. “Ipurdiaren ondoan bi glandula dituzte eta castoreum deitutako sustantzia bat botatzen dute. Oso bereizgarria da”. Castienek azaldu duenez, sustantzia hau lurringintzan erabiltzen zen, gehienbat lurrinak finkatzeko. Helduak direnean mugitzen dira eta esploratzera ateratzen dira, beste lurralde bat aurkitzen duten arte. “Beste ur espezie batzuk bezala”. Bakarrik bizi diren kastoreak ere aurki daitezkeela azaldu du Castienek.

Babesteko eta igeri egiteko ura “behar” dute kastoreek. Badaude haiendako hobeak izan daitezkeen lekuak, baina gaur egun “edozein tokitan” daude. “Izan daiteke leku horiek egokienak ez izatea”. Baina, hala ere, bertan geratu izan dira.

Kastoreen bereizgarri nagusienetako bat hortz handiak dira. Handitzen zaizkie, eta, horren ondorioz, zuhaitzen azala hozkatzen dute. “Daukaten elikaduragatik handitzen zaizkie hortzak. Arrazoi ebolutiboak dira”. Jakien beharretara egokitu dira, “karraskari guztiak bezala”. Kastoreei bereziki handitzen zaizkiela gaineratu du Castienek, eta, handitzen zaizkienez, “higatu” behar dituzte. Hortaz, nahitaezkoa dute zura marraskatzea.

Kastoreak belarjaleak dira. Bakarrik landaretza jaten dute. Ur landaretza, Castienek zehaztu duenez. “Ibai ertzetan dagoen landaretza eta zuhaitzen azalak jaten dituzte”. Zuhaitzen azala jatearena kastoreen bereizgarrietako bat da. “Ez dute egurra jaten, bakarrik azala”. Aprobetxamendu kontua da: gehienbat belar gutxi dagoenean, hotz egiten duenean, zenbait zuhaitz espeziez elikatzen dira. “Zuhaitz batzuk beste batzuk baino gehiago gustatzen zaizkie”. Egur biguna duten zuhaitzak nahiago dituzte; zumeak eta makalak, esaterako. Hortaz, kastoreak bizi diren ibaien ertzeetan normala da hozkatutako zuhaitzak aurkitzea. “Arkatz formarekin”. Hori da kastoreak bizi direnen erakusle nabarmenena. “Batzuetan, zer jan izateko zuhaitz guztia botatzen dute eta gero azala jaten joaten dira”. Nafarroan gutxitan gertatu da botatako adar eta enbor horiekin urtegiak egitea. “Material hori guztia biltzen joaten dira urtegia eraikitzeko”.

Ekosisteman laguntzen
Kastoreak Nafarroan askatu zituztenean, “ez genekien zer-nolako kaltea sortuko zuten”. Baina denbora pasatu denez, “ulertu behar dugu ekarri zutena dagoeneko hemen dagoela”. Bestela, espezie bezala ez du eraginik sortzen. “Kontrakoa”. Ibai ertzak konplexuagoak bihurtzen dituzte, “korapilatsuagoak”. Hau da, zuhaitzak botatzen dituzte eta horrek birsorkuntza sortzen du. “Ibai ertzak heterogeneoagoak bihurtzen dituzte, eta biodibertsitatea handitzen da”. Beraz, laguntzen dutela aitortu du Castianek.

Kalteak sor ditzakete ere. “Zuhaitz handiak mozten dituztenean sortzen dira arazoak”. Are gehiago, zuhaitz horiek toki publikoetan daudenean. “Leku batzuetan ibai ertzetik gertu landatutako fruitu arboletan sortu dituzte kalteak. Kalte garrantzitsuak dira zuhaitz horiek urte asko behar baitituzte handitzeko”. Zuhaitz horiek bi gautan “arkatz” bihurtzen dituztela azaldu du. “Badira beste kalte batzuk”. Esaterako, hiritik pasatzen diren ibaietako zuhaitzak botatzen dituztenean. Horregatik, elkarbizitzan laguntzen duen plan bat egin behar dutela adierazi du Castienek; “eskatu zen, eta aurten egitea aurreikusita dago”.

Animalia atsegina eta xelebrea da kastorea, agian marrazki bizidunetatik jasotako irudiagatik. “Gertuko irudia du, oso irudi ona”. Ez da, ordea, Castienek kastorekiko duen irudia: “Nire iritziz, ur arratoi nahiko sinplea da. Ez du gizakiekin inolako interakziorik. Jaten dute eta han daude. Ez dute ezer gehiago egiten”. Igarabarekin alderatu du Castienek: “Igeri egiten du, mugitzen da, begiratzen digu…”. Kastoreen kasuan, “pertsonetara ohitzen” direla azaldu du, “ezer egiten ez dutelako”. Toki batzuetan, egunean zehar ikustea “nahiko erraza” dela esan du.

Babesa
Europar Batasuneko Habitat Direktibaren legediak kastoreak babesten ditu. Arau horrek habitaten kontserbazioaz hitz egiten du, baita hainbat espezie konkreturi buruz ere, tartean kastoreari buruz. Hala ere, estatuan kastorea “ez da ofizialki existitzen”, modu ilegalean sartu zirelako. “Momentu honetan estatus legal bat emateari buruz hitz egiten ari dira ”. Europaren eta Estatuaren arteko debatea izanen dela aipatu du Castienek. Oso irudi ona du, eta oso polita da, baina kalte batzuk sortzen ditu ere”. Espeziea kudeatzeko plan bat prestatzen ari dira: “Alde onak eta txarrak ebaluatzeko eta kudeatzeko”.

Fauna
Nafarroako ibaiek “orokorrean” aberastasun handia dutela esan du Castienek. “Kontserbazio aldetik espezie baliotsuak daude”. Espezie “arraroenak” kontserbatzeko ahalmen gehiago eskatzen die, “eta sozialki deigarriak dira ere”. Esaterako, Sakanan europar bisoiak daude. “Pirinioetatik Errusiaraino bisoi espezie bat izan zen, eta desagertzen joan ziren. Oso gutxi gelditzen dira”. Ekialdeko Europan, Euskal Herrian, Errioxan eta Aragoin gelditzen dira orain. “Nafarroan populazio nahiko garrantzitsua dago”. Europar bisoiak “arerio garrantzitsu” bat izan du: bisoi amerikarra. “Abeltegietatik askatu zituzten, eta Nafarroara iritsi ziren. Esfortzu handia egin genuen gure mugetatik kanpo gelditzeko”. Europarrak bere lekua berreskuratu du, besteak beste, Arakil ibaia.

Sakanako ibaietan bizi den beste animalia bat ur arratoia da. “Espezie zaurgarri bezala izendatuta dago”. Ez dakite oso ongi zergatik, baina zonalde guztietan haien presentzia arraroagoa bihurtzen ari dela dio. Igarabaren kasuan, “urte beltz batzuk izan zituen, urteetan organokloratuak erabili izan direlako uretan”. Produktu horiek debekatu zirenetik, bere lurra berreskuratu zuten eta “orain oso erraza da igaraba-gorotzak aurkitzea”.

Bisoiak, igarabak, ur arratoiak, karramarroak, hegaztiak… Nafarroako ibaiak naturagune lasaiak dira, eta biologia aldetik kalitate altua dutela azaldu du Castienek. “Hainbat gauza daude egiteko oraindik, baina orokorrean kalitate ona dute”.

Erlazionatuak

Hor zaude?

Guaixe 2020 ira 10 Sakana