Kontzertu bakarren bat urtean

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko ira. 11a, 14:48
La Banda del Jefe Bigun taldeko kideak Bakaikuko entsegu lokalean.

2006. urtean sortu zuten taldea, "ez jotzeko" xedearekin. Baina azkenean leku batetik eta bestetik deitzen hasi ziren, eta dagoeneko Sakanako herri ia guztietako agertokietara igo da La Banda del Jefe Bigun

Ongi pasatzea. La Banda del Jefe Bigun taldearen filosofia musika eginez gozatzea da. Musikaren munduan esperientzia dute, eta duela 14 urte taldea osatzea erabaki zuten. Baina ez zen talde normal bat izango, haien helburua "entseatzen eta musika jotzen" ongi pasatzea baitzen. Ricardo Areta bateria jolea da, Ismael Jimenez “Kata” gitarra bakarlaria, Longinos Andueza gitarra eta abeslaria, Ibai Ernaiz “Ibaitxu” baxu jolea eta abeslaria, eta bandaren azken fitxajea, Victor Lopez gitarra jolea. Urtean oso kontzertu gutxi egiten dituzte, "bi edo hiru", eta lagunen arteko topaketak direla esan dute, kontzertuak baino gehiago. Urte arraro honetan Altsasun egonen dira, bihar, irailak 12, larunbata, 22:00etan, Iortia zabalgunean.

Denbora-pasa bezala hasi zirela esan du Ibaitxok. "Gustatzen zitzaizkigun abestiak jotzeko elkartzen ginen". Taldearen plangintzan ez zen inolaz ere sartzen abestiak sortzeko nahia, are gehiago, "behin baino gehiagotan esan dugu, norbaitek bere abestia aurkezten badu, taldea desegingo dela", azaldu du Anduezak. "Ez jotzeko" sortu zen taldea, baina kontraesanetan sartu ziren eta pixkanaka kontzertuak ematen hasi ziren; izan ere, "beti deitzen du agertokiak".

Lakuntzako Lagun Artean eskaini zuten lehenengo kontzertua, eta haiengandik sortu zen ideia. Ibaitxo: "Momentu hartan, Patxi Xabier, orain Lakuntzako alkatea dena, taldean zegoen. Traste guztiak hartu genituen, eta abisatu gabe jo genuen". Horrela egitea gustatzen zaie, abisatu gabe, lagunekin, kontzertuak jotzea. Beti ongi pasatzeko eta disfrutatzearen filosofiaren pean. Kontzertu gutxi eskaintzen dituzte urtean, eta lagunek deitzen dietenean nahiago dutela esan dute taldekideek.

The Simpsons marrazki bizidunak gaur egungo kulturaren adierazgarri nagusienetako eta ezagunetakoak bihurtu dira. Ondorioz, Wiggum nagusia ere ezaguna egin da. Telesaileko polizia burua da, eta bere taldean bi polizia "oso xelebre" daude. Areta seriearen zalea da, eta Jefe Wiggum proposatu zuen taldeari izena jartzeko. Baina izena euskaratu zuten, eta Jefe Bigun gelditu zen.

70 abesti baino gehiago
La Banda del Jefe Bigun taldeak, beraz, bertsioak egiten ditu. Rock-aren inguruan ibiltzen dira, eta errepertorioa kontzertuetara moldatzen dute. "Hainbeste urte daramatzagu eta hainbeste gauza egin ditugu!". Rock and roll taldeen abestiak jotzen hasi ziren, haiei gustatzen zitzaizkien abestiak. "Ia taldekide guztiak berbenaren munduan aritu gara, eta bertan bezala abesti ezagunak egingo genituela erabaki genuen". Jende guztiak ezagutzen dituen abesti horiek, nahiz eta talde baten zalea ez izan. Ondoren, folk amerikarrera bira egin zuten, eta Silver Dollar Band izenarekin country estiloko zenbait kontzertu eman zituzten Amerikako Estatu Batuetara bidaiatu ondoren.

Altsasuko biharko kontzertua "berezia" izango da. Koronabirusak sortutako egoerara moldatu da emanaldia, eta, beraz, publikoa eserita eta maskara jantzita egongo da. "Beraz, abesti lasaiagoak aukeratuko ditugu. Abesti heavy-enak, esaterako, ez ditugu sartu". Aretak taldean jotzen du, baina soinu teknikaria ere bada, eta, aipatu duenez, aurten oraindik ez du emanaldirik izan eta ez daki zer aurkituko duen. "Oso arraroa egin behar zait. Ez dakit nola sentituko naizen".

Kontzertu batean jendea "irakurriz" abesti bat edo beste aukeratzen dutela aipatu dute musikariek. Areta: "Inoiz ez dugu errepertorioa sutsuki jarraitzen. Publikoak erakusten digu zer bide hartu behar dugun". Kasu honetan, "ez da jendea gertu eta iskanbila sortzen" egongo, eta zer nahi duten jakitea "zailagoa" izango da. Hala ere, La Banda del Jefe Bigun-en filosofiarekin bat egingo dute beste behin ere: taldekideek zein entzuleek ongi pasatzea.

Aurten gutxi entseatu dutela esan dute taldekideek. Konfinamenduaren aurretik gutxi elkartu ziren, eta udan ere "pare bat" aldiz bildu dira. "Azkenean urte asko daramatzagu jotzen eta pentsatu gabe ateratzen dira abestiak". Konfinamendua abestiak grabatzeko baliatu dute. "Ricardok etxean bateria grabatzen zuen eta audioa pasatzen zigun eta beste tresna bat gehitzen genion...". Denbora pasatzeko modu bat izan zen. Berriz ere, urrunean bazen ere, ongi pasatzeko modu bat. Hala ere, Anduezak aitortu duenez, jotzeko behar pixka bat bazuten ere.

Filosofia
Kontzertuak ematen dituztenean, benetan emanaldi hura eman nahi dutelako da. Irabazten dutena "berrinbertitzeko" erabiltzen dute. "Soinu hoberena izan nahi dugu, eta horretan gastatzen dugu dirua". Behin Faltzesera joan ziren, lagun batzuekin, eta peña baten atean jotzen hasi ziren. Gitarraren estaldura jarri zuten "afarirako dirua irabazteko" eta jende asko bildu zen haien inguruan. Tartean alkatea zegoen: "Telefonoa eskatu zigun etorkizunean kontzertu bat ematera joateko, eta ezetz esan genion". Lagunen arteko festak, sorpresak eta omenaldiak nahiago dituzte, jaialdi handiak baino gehiago. "Proposamen garrantzitsuak egin izan dizkigute, eta ezetz esan dugu. Dibertigarria izateari utziko lioke, eta betebehar bat bihurtuko litzateke".

Bakaikuko festetan Rock-aren eguna antolatzen dute. Iazko festetan 28 musikari bildu ziren. Areta: "Festa nahiko handia izan zen". Haiek errepertorio pasatzen diete, eta musikari bakoitzak interpretatzeko abesti bat aukeratzen du. "Oso polita izan zen hainbat belaunaldi bildu zirelako. Haurra nintzela ezagutu nuen Peio Diaz, eta han zegoen bere alabekin abesten". Atzapar Rock, Garabatos, Los del Rayo eta beste hainbat taldetako kideak bildu ziren Bakaikun.