Autobietan ibiltzen diren kamioien % 78 ez da nafarra

Guaixe 2020ko ira. 14a, 10:05

Kamioia Etxarren parean, Sakanako Autobian (A-10).

Iparraldeko Autobiatik (A-1) egunero pasatzen den garraio astunaren % 95 ez da Nafarroakoa, Leitzarango Autobian (A-15) % 77 eta Sakanako Autobian (A-10) % 75ekoa.

Nafarroako Gobernuak eta parlamentuko talde gehienek (PSN-PSOE, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra) aurre-akordioa lortu zuten errepideak zerbitzu publiko gisa finantzatzeko eta hobetzeko. Garagarrilean adostutakoaren arabera, ibilgailu astunendako bidesariak soilik gaitasun handiko bost bidetan kudeatzeko eta ezartzeko enpresa publiko bat sortuko da. Autobia horien artean ibarreko hirurak daude: Iparraldeko Autobidea (A-1), Sakanako Autobidea (A-10) eta Leitzarango Autobidea (A-15). 

Bidesaria jartzeko asmoa,"erabiltzen duenak ordaindu egiten du" eta "kutsatzen duenak ordaindu egiten du" europar printzipioetan oinarritzen du gobernuak, eta, hasierako eta gutxi gorabeherako kopuruen arabera, urtean 45 milioi euro eskuratzeko aukera emanen luke, helburu jakin batekin, errepideen arloan aspalditik dauden premiei aurre egitea.

Aipatu bost autobidetan ibilgailu astunen kopurua zein den jakiteko, Nafarroako Gobernuak matrikulak identifikatuz azterketa egin du. Autobia bakoitzeko bi puntutan egin zuten laginketa, beti astegunetan. Azterketaren ondorioa da bost autobia horietan zirkulatzen duten ibilgailu astunen % 88 Nafarroatik kanpokoak direla. 


Altsasun kamioi zenbaketa egiten.

Bideen araberako banakapena
Iparraldeko autobia (A-1)  Araba eta Gipuzkoako muga arteko 13,77 kilometroko luzera du. Guztiak Burundan. Bertatik 6.000 ibilgailu astun inguru ibiltzen dira egunero. Erregistratutako datuen arabera, bertatik igarotzen diren ibilgailu astunen % 97 Nafarroatik kanpokoak dira, eta % 3, berriz, Foru Erkidegokoak. Ikertzaileen arabera autobide hori “ibilbide luzeko ibilgailuek edo lurralde batetik bestera joan-etorriak egiten dituztenek erabiliko luke”. 

Leitzarango Autobidea (A-15), AP-15 autopistaren Gipuzkoako muga artean 27,61 kilometroko luzera du. Bertatik 2.600 ibilgailu astun inguru ibiltzen dira, batez beste, egunero. Bildutako datuen arabera, % 23 nafarrak dira eta % 77 ez. Azkenik, ibarrean bertan ibilbide guztia, 30,44 km, duen Sakanako Autobian (A-10) 2.300 kamioi inguru ibiltzen dira egunero; horietatik % 75 Foru Erkidegotik kanpokoak dira, eta % 25 Nafarroakoak.