Bertako Ganadu Azokarik ez aurten

Guaixe 2020ko ira. 11a, 14:33
Garai bateko Irurtzungo San Martin kalea, La Mugiroarra autobusa bertan dela.

Igandean izan behar zuen Irurtzunen, baina "osasun publikoko arrazoiengatik" ez egitea erabaki dute

Zortzigarren edizioa izan behar zuen igandekoak Irurtzungo eta Arakilgo Bertako Ganadu Azoka, bi udalek antolatuta. Baina COVID-19 gaitzak eragindako pandemiagatik bertan behera uztea erabaki dute. Antolatzaileek esan dutenez, nahiz eta azoka eginen ez den, "ezaugarri diren balioekin bat etorriz, Sakanako gizarte hausnarketa sakona egitera animatu nahi dugu, nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorren garrantziari buruz". Gizartea kontsumo ohitura "arduratsu eta iraunkorrak" hartzera gonbidatu dute, "nekazaritza eta elikadura eredu bidezko eta bertakoa lortzeko".

Erdi Aroan Itxasperri ermitaren inguruan egiten zuenaren ondorengotzat dute ikerlariek Irurtzungo azoka . Irurtzunera 1850 eta 1866 urteen artean lekualdatuko zen. 1872ra arte hileroko azoka izan zen. 1872tik 1921era hamabostean behin egiten zen azoka, hilabeteko 1. eta 16. egunetan. 1921 eta 1945  urteen artean, berriz, hamar egunean behin egin zen (hilabeteko 10., 20. eta 30. egunetan). Eta 1945etik aurrera astean behin. Irurtzungo azokaren urrezko garaia 1925 eta 1936 artean izan zen eta 1940tik aurrera gainbehera etorri zen.  

Geografia kokapen ezin hobeaz baliatuta azoka handia hartu zuen Irurtzunek aurreko mendean. Lau errepide eta bi trenbide izanik, salerosketarako topagune egokia bihurtu zen Irurtzun. Hasieran jende gehiena oinez joaten zen. Gerora, feria egunetan zazpi autobus enpresek eman zuten zerbitzua: Imoztarra, Ulzamarra, Muguiroarra, Aresoarra,Patxikuarra, Atalloarra, Burundesa, Beriainesa, Valle de Ollo autobusa eta La Roncalesa.  Eta inguruko eskualdeetatik, batez ere, txerri ugari eramaten zituzten. 483 biztanle zituen herriak feria egunetan 18.800 pertsona hartzera iritsi zen ikertzaileen arabera. Horregatik, hain herri txikia izateko orduko Irurtzunek honako establezimenduak izan zituen: zazpi denda, hiru burdindegi, taberna eta kafetegi asko, banku sukurtsala, hiltegia... Ofizialki, ostatu bakarra bazegoenere, ia etxe guztietan eskaintzen zituzten otorduak eta lotarako tokia.

Tratulariak erostera Hego Euskal Herritik aparte, Leon, Aragoi, Katalunia edo Levantetik etortzen ziren. Valentin Lakuntza Muzkiz irintarra aitarekin joaten zen azokara eta Katalunia eta Levanteko tratulariekin aritzea nekagarria zela azaldu zuen. "Aziendagatik inork interesa agertuz gero, haiek tratuan zeudela eta ez zuten sartzen zuten". Lakuntzak azaldu du Etxarri Aranazko ferian pixka bat garestiago eta azkarrago saltzen zutela. 

Gaur egun 
Azoka antolatzeko Arakilgo eta Irurtzungo Udalek Sakanako Garapen Agentziaren, Plazaola Partzuergo Turistikoaren, Nafarroako arraza autoktonoen elkarteen, Arbaso Euskal Herriko artisauen elkartearen, Belardi Sakanako ekoizle txikien elkartearen, EHNE-Bizilu nekazaritza-sindikatuko kideen eta Bidelagun Sakanako turismo elkartearen laguntza izaten dute.