Elkarbizitzarako ipuinak

Guaixe 2020ko ira. 15a, 14:47
Zurrumurruen Kontrako Ipuin Laburren Lehiaketan 16 urtez azpiko mailako sarituak.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak I. Zurrumurruen Kontrako Ipuin Laburren Lehiaketako sari banaketa egin zuen. Aurkeztutako ipuin guztiak “Mank-en sentsibilizazio lanaren parte bihurtuko dira”. Hau da, pitteka-pitteka argitaratzen joanen dira. 

Begoña Zestau Baraibar Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuko teknikariak azaldu zuenez, “antolatzen den estreinako aldia da eta oso pozik gaude”. 23 lan aurkeztu dira. Epaimahaia Zestau berak, Youssef Chahor kulturartekotasun bitartekariak eta Zaska, Zurrumurruen kontrako Nafarroako Sareko zenbait kidek osatu zuten. “Baikor baloratu dugu ipuinetan agertu den kalitatea, bereziki, 16 urtetik beherakoen mailan. Badirudi belaunaldi berriak bizkor heldu direla kontu honekin”.  

Zestauk gogorarazi zuenez, “urte dexente daramatzagu zurrumurruen kontrako lan sakona egiten, zurrumurruek modu ezkorrean eragiten diotelako pertsonen arteko elkarbizitzari. Eta Mank-en zurrumurruak desmuntatzeko estrategia horri jarraituz, lehiaketarekin Sakanan bizi diren pertsona guztiak gonbidatu nahi izan genituen zurrumurruen inguruan hausnartzera: zer diren, nola eragiten duten, nola ekidin daitezkeen”.  Aldi berean, literatur lehiaketa “beste eszena-toki bat jartzeko gonbidapena zen: hurbilagoa, errespetuzkoagoa, Mank-en balioak zabaltzen dituena, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna… Elkarbizitza positiboa irudikatzea”.

Parte hartzea sustatzeko dozena bat sari iragarri zituzten. “Sariak Sakanan eraginak izatea nahi genuelako, sari ekonomikoak dira, baina bertako establezimenduetan erabiltzekoak”. Sakanako Dendarien, Ostalarien eta Zerbitzuen elkarteko ordezkari Alberto Angianok banatu zituen sariak: elkarteko establezimenduetan gastatzeko baleak. Angianok sari banaketan sarituei eta haien laguntzaileei azaldu zienez, “herrietako dendetan egindako gastu guztia zuen onerako da: herria bizirik mantentzen dutelako dendek, zergak bertan pagatzen ditugulako eta enplegua sortzen dugulako. Internetez kanpoan erostea kalterako da”. SDOZEko kideak gaineratu zuenez, “Sakanara etortzen den jendeak ibarrean bertan egiten ditu erosketak”. 

Zurrumurrua, zer da?
Kontrastatu gabeko informazio edo ideia bat da, gehienetan egia ez dena. Modu errazean zabaltzen dira, bai ahoz, bai idatziz, bai sare sozialen bidez. Zurrumurruek elkarbizitzan oso gaizki eragiten dute, haien atzean beste pertsonekiko ditugun aurreiritziak, estereotipoak edo ideiak daude. Askotan, egiazkoak ez direnak, errealitatearekin zerikusirik ez dutenak. Zurrumurruek beste pertsonekiko beldurra eta mesfidantza sortzen dute. Ez dira soilik etorkinez ari direnak, jatorria gorabehera, norabide guztietan zabaltzen dira.