"Euskaraldia aurrera eraman behar dugu"

Guaixe 2020ko ira. 22a, 11:20

Mikel Etxarte Arangoa.

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izanen da Euskaraldia aurten. Belarriprest eta ahobizi rolekin berria izanen da: arigune, entitateendako. Sakanan arigune izanen diren establezimendu batzuen lekukotzak jaso ditugu. 

Mikel Etxarte Arangoa
Irurtzungo Martxueta liburu-denda eta Kate informatika

Aurreko Euskaraldian parte hartu zenuen?
Aurrekoan informatikako dendan nengoen soilik, ez liburu-dendan. Baina parte hartu nuen, bai. 

Zein oroitzapen dituzu?
Hemen euskara entzuten zen. Baina kanpaina barruan nabaritu nuen euskararen erabilera igo egin zela. Batzuek ez zuten egin. Baina belarriprest ere izan nituen, eta harrera ona ikusi nion jende horri. 

Euskara gehiago egin zenuen? 
Bai, bai dendan, bai dendatik kanpo. 

Zergatik izanen zara arigune?
Gutuna jaso nuen (Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak informatuz bidalitakoa). Orain liburu-dendan ikasturte hasierarekin kaos baten barruan gaude, baina ideia sartzea da, bai.  Garrantzitsua da. Irurtzunen lehen baino euskara gehiago entzuten da. Baina halako ekintzak egotea ongi dago. 

Zer arigune mota?
Kanpo arigune. 

Aurten zer izanen zara belarriprest edo ahobizi?
Ahobizi izanen naiz. 

Junkal Arregi Razkin 
Lakuntzako Junkal autozerbitzua

Aurreko Euskaraldian parte hartu zenuen?
Bai. Egin behar zena egin genuen: kartela jarri; dena polita jarri genuen, giro pixka bat, jendeak ikusteko hemen prest geundela hitz egiteko eta aditzeko ere. 

Zein oroitzapen dituzu?
Ona. Esperientzia polita izan zen. 

Euskara gehiago egin zenuen? 
Bai. Nabaritzen zen jendea prest zegoela proiektua aurrera eramateko, bai. Lehen egiten zuenak, dendara sartzen zen eta egiten zuen. Jendeak parte hartu zuen eta nabari zen. 

Zergatik izanen zara arigune?
Hiruzpalau gaude dendan. Horretarako prest jarri naiz euskara gure hizkuntza delako. Euskaraldia aurrera eraman behar dugu, bestela ikusten da zer dugun. Gutxienez, jendeak hitz egiteko ohitura hartzeko. Denok dakigulako euskara, baina gero ez dugulako pauso hori ematen. Aukera da leku batean-edo sartzen garenean, gure artean euskaraz hitz egiteko ohitura hartzeko. Zeren, agian, badakigu eta ez dugu hitz egiten. 

Zer arigune mota?
Kanpo eta barne arigune. 

Aurten zer izanen zara belarriprest edo ahobizi?
Ahobizi. 

 

Rabeb Ridene Zmerli 
Altsasuko Alde Zaharreko Amaia okindegia 

Aurreko Euskaraldian parte hartu zenuen?
Ez nengoen hemen lanean. Euskara ikasten nengoen, eta Euskaraldian parte hartu nuen, bai. Belarriprest nintzen. Euskaltegitik atera nintzen nire euskara erabiltzen, eta saiatzen jendearekin nire hizkuntza berri hori ateratzen. 

Zein oroitzapen dituzu?
Oso-oso esperientzia ona izan zen. Atera naiz eta ikusi dut nik ez nekien jende askok euskara badakiela. Badaezpada denak txaparekin, denak euskaraz hitz egiten, denak… Uf! Hunkigarria izan zen! 

Euskara gehiago egin zenuen? 
Urte hartan hasi nintzen beste jendearekin euskaraz hitz egiten, herrian zehar, ez bakarrik klasean. Euskaraldiak euskara gehiago hitz egiteko balio izan zidan. Eta nabaritzen da! 

Zergatik izanen zara arigune?
Gogoa daukat aurtengoa hasteko, txapa jartzeko eta jendearekin euskaraz hitz egiteko.

Zer arigune mota?
Zerbitzua euskaraz emanen dugu. Euskaraz dakien jendeak nirekin euskaraz hitz egin dezake. Nire senarrak ez daki; baina hemen egonda, entzuten ari da eta ikasten ari da. 

Aurten zer izanen zara belarriprest edo ahobizi?
Belarriprest jarriko dut. Euskaltegiko jendea etorriko da, eta etortzen ari da. Eta errazago izanen da beraiendako belarriprest txaparekin hitz egitea bestearekin baino.

Patxi Aldaz Zufiaure
Olatzagutiko Clinker taberna-jatetxea

Aurreko Euskaraldian parte hartu zenuen?
Bai, ahobizi izan nintzen. 

Zein oroitzapen dituzu?
Oso ongi iruditu zitzaidan. Jendea txapekin etortzen zen. Euskaraz egin ez baina ulertzen zuenarekin euskaraz hitz egiten nuen tabernan. Oso polita iruditzen zait, bai. 

Euskara gehiago egin zenuen? 
Euskara gehiago erabili zen, batez ere, entzutea nahi zuena baina hizketan egin nahi zuena. Haiekin lasaiago hitz egin hobeto ulertzeko. Euskaraldia pasa eta gero euskaraz hitz egiteko ohitura pixka bat galdu da. Mugimendu horrek ez du segitu guk uste genuen bezala. Olatzagutian euskara jende askok daki, baina gutxik egiten du euskaraz. 

Zergatik izanen zara arigune?
Hemen gehienok euskara dakigu. Zerbitzariek ere bai. Ahal baldin badugu, beti, euskaraz dakien jendea  hartzen dugu, jendeari euskaraz egiteko. 

Zer arigune mota?
Barratik barrura semearekin eta dena, euskaraz hitz egiten dugu. Eta kanpora begira ere dena euskaraz egiten dugu. 

Aurten zer izanen zara belarriprest edo ahobizi?
Ahobizi.