Hainbeste jendek batera egitea. Aurkikuntza ugari. Jendea harro eta bizipozez. Izan zen aldeko bulkada sentitu zuena, energia pila. Onerako izan ziren sorpresa pila. Jokaera aldaketak… Horiek eta askoz gehiago ekarri zituen Euskaraldiak 2018an. Baita euskara gehiago egitea ere, eta entzutea. Horretarako, belarriprestak ezinbestekoak izan ziren. Haiek zabaldutako segurtasun sareari esker, milaka euskaldunek lasai asko hitz egin zuten euskaraz, bai ahobizi bai belarriprest rola izan.
Aurreneko Euskaraldian atzemandako gabezietako bat taldeen parte hartzearen falta izan zen. Norbanakoen gain jarri zen ardura guztia. Baina pertsona sozialak garenez, egituratutako elkarte edota taldeetan aritzen gara egunerokoan, baita lanean ere. Gainera, euskarak aurrera eginen badu, hiztunez aparte erakundeak ere behar ditu aldamenean. Eta haiek Euskaraldian ez parte hartzea gabeziatzat jo zen.
Aurten, atzera ere, Euskaraldia eginen da, azaroaren 20etik abenduaren 4ra. Aurrekoan bezala, hiztunendako bi rol izanen dira. Baina rol berria ere sortu dute: arigunea. Enpresak, kultur edo kirol gizarte eragileak, gastronomia elkarteak, bestelako erakundeak, instituzioak eta abarrrak izan daitezke arigune. Euskarari gune fisikoak irekitzeko nahi izan behar dute bakar-bakarrik. Eta izena eman, jakina.
Bi motatako ariguneak
Euskaraz aritzeko guneak dira ariguneak. Eta euskaraz hitz egiteko aukera bermatuko dute uneoro. Bertako partaideek borondatez hala erabaki dutelako izanen da. Baina talde edo entitateek beti dute barne eta kanpo jarduna. Horregatik, bi motatako ariguneak izanen dira: barne ariguneak edo kanpo ariguneak. Bi horien bidez lortu nahi da entitateen harremanetan euskararen erabilera handitzea.
Barne-ariguneak dira entitate bateko ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak. Esaterako, fabrika batean makina batekin lan egiten dutenak, edo bulegokoak, edo garbiketakoak izan daitezke. Udal batean antzeko. Sail, atal, ekipo, sekzio edo zerbitzu ugari dituzten entitateetan arigune bat baino gehiago sor daitezke. Atal horretako kideek osatuko dute barne-arigunea, modu kolektiboan adostu dutelako hizkuntza-ohiturak aldatzeko aurrera pausoak ematea. Arigunea osatzeko beharrezkoa izango da taldeko kideen % 80 gutxienez ados egotea. Ariguneetako kide bakoitzak erabakiko du ahobizi edo belarriprest moduan parte hartzea.
Kanpo-ariguneak entitateetan herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek osatzen dituzte. Esaterako, dendak, tabernak, udaletxe bateko bulegoa, supermerkatu bateko kutxazaina… Entitateak jendearekin harremana duen toki horietan bermatuko du uneoro belarriprest edo ahobizi bat egonen dela. Kanpo-arigune izanik, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea izanen dute.
Gerta daiteke entitate batek Euskaraldian parte hartu nahi izatea eta baldintzak ez betetzea. Halakoei proposatuko zaie, batetik, hurrengo edizioetara begirako aurrera-pausoak ematen hastea. Horretarako, hartu beharreko neurriak proposatuko zaizkie. Beste proposamena entitate barruan ahobizi edo belarriprest gisa Euskaraldian parte hartuko duten kideen ariketa babestea eta sustatzea izanen da.
Edozein taldek arigune gisa emateko hilaren 27ra arteko epea du eta www.euskaraldia.eus webgunearen bidez egin dezake. Arigunea gisa izena eman ondoren, bertako partaideek belarriprest edo ahobizi roletarako izena eman beharko dute. Eta Euskaraldiak iraunen duen 15 egunetan ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan.