Jon Irigoien Fresneda

“Energia berriztagarriak etorkizuna dira”

Eneida Carreño Mundiñano 2020ko ira. 11a, 14:22

Esekin energia sortzeko mota guztietako instalazio berriztagarriak lantzen dituzte, baina gehien eskatzen dizkietenak instalazio hidraulikoa eta eguzki instalazioak direla aipatu du Jon Irigoienek. Energia berriztagarrien aldeko apustua egin dute

1. Zer dira energia berriztagarriak?
Baliabide naturalen erabileran oinarritutako energia iturriak dira: eguzkia, haizea, ura, eta abar. Erregai fosilik ez erabiltzeagatik bereizten dira, eta energia horien indarguneetako bat da ingurumen inpaktu oso urria izatea. Energia berriztagarriei energia alternatiboak edo energia berdeak esaten zaie.

2. Noiz hasi zineten energia berriztagarriekin lanean?
Eseki 1995ean sortutako enpresa da, eta beti egon da elektrizitatearekin lotuta; beraz, 25 urteko esperientzia dugu energiaren sektorean. Egia da energia berriztagarrien munduan denbora gutxiago daramagula: duela 10 urte hasi ginen prestatzen, eta 8 urte joan dira gure lehenengo eguzki instalazio fotovoltaikotik.

3. Zergatik hasi zineten horrelako instalazioekin?
Negozio bat, atzean gera ez dadin, eguneratuta egon behar da, eta berriztagarrien sektorea duela urte batzuetatik goraka doa. Energia iturri oso interesgarria iruditzen zaigu, egun alferrik galtzen dena edo behar bezala aprobetxatzen ez dena. Etorkizuna dela uste dugu; itxaropen handia dago iturri hauekin. Ingurumen kontzientzia indar handiarekin hedatzen ari den bizi filosofia da, eta bide horren alde apustu egin dugu. Honetan sinisten dugu.

4. Zer motatako instalazioak lantzen dituzue?
Mota guztietako instalazio berriztagarrietara irekita gaude, baina gaur egun gehien eskatzen dizkigutenak instalazio hidraulikoa eta eguzki instalazioak dira. Sarera konektatzeko eta isolatutako instalazioen eskari handia dago. Energia hidrikoa, aldiz, egoera puntualagoetan eskatzen da, ura alferrik galtzen den kasuetan, hala nola, errota zaharren edo erabiltzen ez diren ur-biltegien kasuetan.

5. Zer dira sarera konektatzeko eguzki instalazioak?
Instalazio horietan momentuan ekoitzitako energia kontsumitzen da, behar ez den energia sare elektrikora isurtzen da eta, instalazio fotovoltaikoa energia sortzen ari ez denean, kontsumitzen dugun energiarekin konpentsatzen da. Autokontsumoaren araudi berriak soberakinak aprobetxatzeko baimena ematen du, eta,  horrela, instalazioaren errendimendua eta itzulkina hobetzeko aukera dago. Laburbilduz, aurrezki handiagoa.

6. Zer dira eguzki instalazio isolatuak?
Sare elektrikorik ez duten instalazioak dira; beraz, bateriak jarri behar dira, instalazioan sortutako energia-soberakina metatzeko eta eguzkirik ez dugunean energia hori kontsumitu ahal izateko. Oro har, instalazio hauek garestiagoak dira, bateriak baitira instalazioko elementurik garestienetakoak.

7. Instalazio hauen prezioa zenbatekoa izan daiteke? Badago instalazio hauetarako dirulaguntzarik?
Prezioa erlatiboa da, aukeratzen den potentziaren eta marken edo etxeen araberakoa. Baina, oro har, instalazio isolatuetan, 2 eta 5 euro artean dago instalatutako watioa, eta sarerako konexioan, berriz, 1 eta 1,8 euroren artean. 160 eurotik gorako kit-ak ditugu, beharren arabera. 
Dirulaguntzari dagokionez, kenkari fiskal gisa, instalazioaren kostuaren %25-30 desgrabatzeko aukera dago 2020 urtean Nafarroan. 2021 urtean oraindik ez dakigu zer gertatuko den.

8. Eragozpen asko daude horrelako instalazioak legeztatzeko?
Ez. Egia da zenbait izapide legal egin behar direla, baina araudi berriarekin asko erraztu dute lan hori. Gure kasuan, prozesu guztia barne hartuta eskaintzen dugu instalazioa; honela, bezeroa ez da kudeaketa horretaz arduratu behar. Materiala bakarrik erosteko aukera ematen dugu ere, muntatzeko aholkularitzarekin, trebeak direnendako eta muntatzea gustuko dutenendako.

9. Partikularrekin bakarrik egiten duzue lan?
Ez, partikularrekin eta enpresekin. Etxebizitza pribatu, enpresa pribatu edo publiko edo udaletxeetako instalazioak egiten ditugu. Mota guztietako proiektuak egiten ditugu: “elektrolinerak” edo ibilgailu elektrikoendako kargaguneak, autokontsumo partekatuak, mikro sareak, eta abar. Aukera mugagabea da, baina bada asko gustatzen zaigun eredu bat: bertako biztanleen kontsumorako energia sortzea, mikro sare formatuan. Hau da, guztion artean energia sortzea, bakoitzak ekarpen txiki bat egitea eta energia hori ahalik eta gehien kontsumitu eta aprobetxatzeko kudeatzea.

10. Gauzatu al duzue mikro sare proiekturik?
Lizarragarena da adibiderik argiena. Eseki arduratu zen azterketaz, proiektuaz eta legeztatzeaz, bai eta gerora abian jartzeaz eta ondorengo hobekuntzez ere. Proiektu aitzindaria izan zen, eta ahalegin handia egin genuen, baina trukean prozesu guztiaren ezagutza lortu genuen.

11. Baduzue horrelako proiekturik martxan?
Bai, hainbat udal eta bailararekin ari gara lanean, eta etorkizunerako oso itxaropentsuak diren energia proiektuak aurkeztu ditugu 2020 deialdirako. Eredu horren gakoa da maila publikoan oinarri ona egitea, eta, ondoren, bigarren fasean, instalazio horiek nola osatu ikustea, etxebizitzak sartu ahal izateko.