Pilota

Masters CaixaBank: jardunaldi erabakigarria

Guaixe 2020ko ira. 11a, 10:49

Zabaletak eta Olaizolak gaurko partida irabazten badute finalerdietarako sailkatuko dira.

Asteburu honetako emaitzek finalerdiak erabaki ditzazkete, eta bertan egoteko irabaztera behartuta daude Olaizola II.a-Zabaleta (8 puntu), Bengoetxea VI.a-Martija (7 puntu) eta Ezkurdia-Aranguren (7 puntu)

Masters CaixaBank torneoko 13. jardunaldia jokatuko da asteburu honetan, hasierako ligaxkako azkenaurreko jardunaldia hain zuzen ere. Bi jardunaldi geratzen dira, beraz, finalerdietara zein lau bikote sailkatuko diren erabakitzeko. Eta sailkapena estu-estu dago. 

Artola- Rezusta dira liderrak (10 puntu), Altuna III.a-Imaz bigarrenak (8 puntu), Olaizola II.a-Zabaleta hirugarrenak (8 puntu), Bengoetxea VI.a-Martija laugarrenak (7 puntu), Ezkurdia-Aranguren bosgarrenak (7 puntu), Jaka-Albisu seigarrenak (6 puntu), Elezkano II.a-Aretxabaleta zazpigarrenak (puntu 1) eta Urrutikoetxea-Irribarria zortzigarrenak (puntu 1). 

Artola eta Rezusta dagoeneko finalerdietan daude. Gure hiru pilotariek, Zabaletak, Martijak eta Ezkurdiak, finalerdietan egoteko aukera dute, baina horretarako irabazi eta puntuak bildu beharrean daude. Ezkurdiak eta Arangurenek bereziki. Asteburuan jokatuko den 13. jardunaldian gertatzen denaren arabera, finalerdietako lau bikoteak zein diren jakin ahal izango da.  

Zabaleta eta Olaizola ia finalerdietan
Olaizola II.a eta Zabaleta une gozoan daude. Azkeneko partidetan gailendu dira, eta 8 punturekin, hanka bat finalerdietan dute. Aurreko jardunaldian Elezkano II.a eta Aretxabaleta 13 tantotan utzi zituzten, eta aipatzekoa da Zabaleta ikusgarri aritu zela. Zalantzarik gabe, jotzaile onenetako bat da Etxarrengo atzelaria. Ostiralean Jaka eta Albisu izanen dituzte aurkari Gautegiz-Arteagan (21:15, ETB1) eta lehia estua espero da, Jakak eta Albisuk (6 puntu) bizirik jarraitzeko irabaztea, beste aukerarik ez baitute. Baina finalerdietarako lehenbailehen sailkatu nahi dute Zabaletak eta Olaizolak, badakite ostiraleko partida irabaziz gero finalerdietan egongo direla; hortaz, lehia gogorra espero da.

Hurrengo egunean, larunbatean, Urrutikoetxea-Irribarriaren (edo Bikuñaren) eta Altuna III.a-Imazen arteko lehia hartuko du Igorrek (17:30, ETB1). Urrutik eta Irribarriak ez dute txapelketan aurrera egiteko inolako aukerarik, soilik puntu bat dutelako, eta Altuna III.a eta Imaz dira, beraz, faborito nagusiak. Euren 9. puntua lortu nahi dute, sailkapeneko 2. postuan sendotzeko eta zuzenean finalerdietarako sailkatzeko.  

Ezkurdia eta Aranguren, irabaztera derrigortuak
Ezkurdia eta Aranguren dagoeneko finalerdietarako sailkatuta dauden Artola eta Rezusta liderren kontra ariko dira igandean Tolosan (17:30, ETB1). Astelehenean Ziordian Urrutikoetxearen eta Irribarria ordezkatu zuen Bikuñaren kontra garaipen oso garrantzitsua lortzetik (15 eta 22) iritsiko dira partidara Ezkurdia eta Aranguren, eta irabaztea, beste aukerarik ez dute finalerdietarako sailkatzeko aukeraren bat izan nahi badute. Artola eta Rezusta dira faboritoak, baina horrek ez ditu Ezkurdia eta Aranguren kikilduko. Bosgarrenak dira sailkapenean, Bengoetxearekin eta Martijarekin puntutara berdinduta, eta badakite eurekin puntutara berdinduz gero sailkapenean atzean geratuko direla. Beraz, gelditzen diren bi jardunaldietan irabazi eta irabazi, ez dute besterik. Ea helburua lortzeko gai diren. 

Martija eta Bengoetxea bide onean
Masters CaixaBank Torneoko 13. jardunaldia bukatzeko, astelehenean, hilak 14, Bengoetxea VI.ak eta Martijak Elezkano II.a-Aretxabaleta izango dituzte aurkari Villamediana de Ireguan (21:00). Aurreko jardunaldian Oinatz Bengoetxea eta Martija ez ziren oso fin ibili eta 14 eta 22 galdu zuten Peio Etxeberriaren eta Albisuren kontra, hortaz, txapelketan aukerarik gabe dauden Elezkano II.aren eta Aretxabaletaren kontra irabazi nahi dute, finalerdietan sailkatzeko bidean euren 9. puntua lortzeko. Ezkurdiarekin eta Arangurenekin puntutara berdinduta daude, eta elkarren arteko bi partidak irabazi dituztenez, Bengoetxea-Martija bikoak nahikoa luke geratzen diren 2 jardunaldietan Ezkurdiak eta Arangurenek lortutako emaitzak berdintzea finalerdietarako sailkatzeko. Nolanahi ere, emozioa pil-pilean dago.