Txirrindularitza

Espainiako Txapelketak: Arrieta erlojupekoko txapeldunordea eta Mintegi lineako lasterketako ihesaldietan

Guaixe 2020ko ira. 11a, 11:29
Igor Arrieta, erlojupekoan. Behean, Iker Mintegi, erasoaldietako batean. Argazkiak: Martin Early.

Mallorcan jokatutako Espainiako Junior Txapelketetatik lan ederra eginda eta aurrean egonda itzuli dira Nafarroako selekzioan aritu diren sakandarrak

Asteburuan Espainiako Junior eta Master Mailako Txirrindularitza Txapelketak jokatu dira Mallorcan, eta gure txirrindulariak maila ederrean aritu dira. Nafarroako selekzioan Sakana Group-Aralar taldetik Igor Arrieta uharte arakildarra, Aitor Alberdi arbizuarra eta Mikel Olaetxea zeuden deituta eta Quesos Albeniz-Burunda taldetik Iker Mintegi altsasuarra eta Kortesko Hugo eta Unai Aznar anaiak. Haiekin batera Jon Juriok, Adrian Losarcosek, Aimar Belokik eta Aimar Berangok osatu zuten gizonezkoen junior mailako selekzio gorria. 

Ostiralean Espainiako Juniorren Erlojupekoko Txapelketa jokatu zen, eta Nafarroako selekziotik Igor Arrieta eta Hugo eta Unai Aznar anaiak aritu ziren. Llucmajorren hasi eta bukatu zen 21,6 km-ko erlojupekoa izan zuten jokoan txirrindulariek eta Valentziako selekzioko Juan Ayusok hegan egin eta denborarik azkarrena egin zuen ((26:11). 28 segundora bigarrena sailkatu zen Igor Arrieta uharte arakildarra (26:39), proba bikaina egin eta gero. Aznar anaiak Top-Tenean sailkatu ziren ere. Hugok 7. postu onena egin zuen (27:48) eta Unaik 8. postu onena (27:50). Erlojupekoan, beraz, ongi atera ziren Nafarroako selekzioko lanak. 

Igandean Llucmajorrek Espainiako Juniorren Lineako Lasterketen Txapelketa hartu zuen, 134 kilometroko proba. Hasieratik lasterketa oso mugitua izan zen, eta erasoak eta ihesaldiak bata bestearen atzetik etorri ziren; hala ere, ihesaldiek ez zuten tarte gehiegirik ateratzea lortu. Erasoaldi horietan protagonismo nabarmena izan zuen Iker Mintegik. Altsasuarra ia ihesaldi guztietan sartu zen eta izugarri mugitu zuen lasterketa. Azkenean, 40 txirrindulariz osatutako talde bat iritsi zen batera helmugara, faboritoen taldea, eta esprintean Valentziako selekzioko eta erlojupekoko txapeldun Juan Ayuso gailendu zen, Illes Balears taldeko Francesc Bennassar eta Kantabriako Sergio Gutierrez txirrindularien aurretik. Igor Arrieta 9. postuan sailkatu zen, Hugo Aznar 17. postuan eta Aitor Alberdi 22. postuan. Bestalde, Mikel Olaetxea 50. iritsi zen, Unai Aznar 74. eta Iker Mintegi 76.