Futbola

Futbolerako itzulera datak zehaztu dituzte

Guaixe 2020ko ira. 14a, 11:04

1. Maila Autonomikoan ariko diren taldeek bilera izan zuten asteazkenean federazioan, tartean Lagun Arteak. Argazkia: Nafarroako Futbol Federazioa.

Nafarroako Futbol Federazioak asanblada orokorra izan zuen astelehenean eta kategoria bakoitzaren 2020/2021 egutegia noiz izanen zen zehaztu zuen, aurrekontuak onartzearekin batera

Nafarroako Futbol Federazioak aurreko astean asanblada orokorra egin zuen Hotel Tres Reyesen. Lehenik eta behin, 2020ko aurrekontua (1.761.500 euro) eta 2021eko aurrekontua (1.931.000 euro) onartu zituzten bertan bildu ziren kideek, eta 2019 urtea 43.468 euroko irabaziarekin itxi zela jakinarazi zuen federazioko juntak. Bestalde, 2020-2024 urteetarako Plan Estrategikoa aurkeztu zuen juntak, eta garai berrietara egokitzeko estatutuetan zenbait aldaketa egitea adostu zuten asanbladan bildutakoek. Horrekin batera, 2020/2021 denboraldi berezi honetarako zehaztu den araudiaren berri eta futbol kategoria ezberdinen egutegien berri eman zuten Nafarroako Futbol Federazioko juntako kideek. 

COVID-19 birusak sortutako pandemiak guztia gelditu zuen, tartean 2020/2021eko futbol denboraldia. Zein talde mailaz igoko ziren eta nola, erabaki behar izan zuen orduan Nafarroako Futbol Federazioak. Horrekin batera, ez zela jaitsierarik egongo erabaki zuen. 

Horrela, Preferente mailan jaitsiera postutan zegoen Etxarri Aranatzek hastear dagoen denboraldi berrian Preferente mailan jarraituko du, eta Preferenteko igoera postuetan zegoen Lagun Artea 1. Maila Autonomikora igo da. Bestalde, Altsasuk Erregional mailan jarraituko du. 2020/2021ko liga hasierari dagokionez, Preferente mailako liga azaroaren 7an hasiko da, 1. maila autonomikoko liga azaroaren 14an, emakumezkoena ere, eta erregional mailakoa azaroaren 21ean. Jubenil mailei dagokienez, 1. mailako jubenilen liga azaroaren 6an hasiko da eta 2. mailako jubenilen liga azaroaren 20an. 

Areto futbolari dagokienez, 3. maila (Xota) urriaren 17an hasiko da eta emakumezkoen senior maila (Xota) noiz hasiko den oraindik ez dute zehaztu.  

Lagun Artea, 1. Maila Autonomikoko 1. multzoan
Aurreko asteazkenean 1. Maila Autonomikoan ariko diren taldeek bilera izan zuten Nafarroako Futbol Federazioan. Bertan izan zen Lakuntzako Lagun Artea taldeko Asier Arregi. Guztira 20 talde lehiatuko dira maila honetan, 10 taldez osatutako bi multzotan. Lagun Artea 1. multzoan lehiatuko da, Avance, Iruña, Gares, Burlades, Zirauki, Infanzones, Erriberri, Zarramonza eta Beti Casedano taldeekin.


2020/2021 Nafarroako futbol liga hasiera
-Preferente maila (Etxarri Aranatz): azaroak 7
-1. maila autonomikoa (Lagun Artea): azaroak 14
-Emakumezkoen 1. maila autonomikoa: azaroak 14
-Erregional maila (Altsasu): azaroak 21
-Jubenilen 1. maila: azaroak 6
-Jubenilen 2. maila: azaroak 20

2020/2021 Nafarroako areto futbol liga hasiera
-3. maila (Xota): urriak 17
-Emakumezkoen senior maila (Xota): oraindik zehaztu gabe