Pilota

Zabaleta finalerdietan, Martija atean eta Ezkurdia ia aukerarik gabe

Guaixe 2020ko ira. 14a, 10:37
Martijak eta Bengoetxeak finalerdietarako sailkatzeko aukera aparta dute gaur.

Master CaixaBank Torneoko 13. jardunaldian Ezkurdiak eta Arangurenek 9 eta 22 galdu zuten Artolaren eta Rezustaren kontra eta finalerdietan sartzeko ia aukerarik gabe geratu dira. Olaizola II.a eta Zabaleta finalerdietarako sailkatu dira, Jakari eta Albisuri 22 eta 16 irabazi eta gero, eta Martijak eta Bengoetxeak finalerdietan egoteko aukera dute gaur Villamediana de Ireguan Elezkano II.ari eta Aretxabaletari irabazten badiete

Gaur despedituko da Master CaixaBank Torneoko 13. jardunaldia, hasierako ligaxkako azkenaurrekoa. Oinatz Bengoetxeak eta Julen Martijak Elezkano II.a eta Aretxabaleta izanen dituzte aurkari Villamediana de Ireguan, gaueko 21:00etan hasiko den partidan. Martijak eta Bengoetxeak irabazi eta euren 8. puntua lortzen badute, finalerdietarako sailkatuko dira. Beraiek dira faboritoak eta ea lanak ongi egiten dituzten. 

Dagoeneko 3 bikote sailkatu dira finalerdietarako: Artola-Rezusta (11 puntu), Altuna III.a-Imaz (9 puntu) eta Olaizola II.a-Zabaleta (9 puntu). Olaizola II.ak eta Zabaletak garaipen garrantzitsua lortu zuten ostiralean Gautegiz-Arteagan, Jakaren eta Albisuren kontra 22 eta 16 gailendu baitziren, finalerdietarako sailkatuz. 

Gaur irabazten badute, finalerdietan daude
Hiru bikote horiekin batera nor sailkatuko den dago erabakitzeko, baina Bengoetxea VI.a eta Martija dira aurrera egiteko aukera gehien dituztenak. Gaurko partidaren emaitzaren faltan, momentuz laugarrenak dira sailkapenean, 7 punturekin, sailkapenean bosgarrenak diren Ezkurdiarekin eta Arangurenekin puntutara berdinduta. Gaurko partida irabazten badute, final erdietan egongo dira. Nahiz eta gaurko partida galdu, Martijak eta Bengoetxeak Ezkurdiarekin eta Arangurenekin jokatu dituzten bi partidak irabazi dituztenez, beti egongo dira sailkapenean Ezkurdiaren eta Arangurenen gainetik. Hortaz, Martijari eta Bengoetxeari nahikoa zaie Ezkurdiak eta Arangurenek egiten dutenaren berdina egitea sailkapenean euren goitik egoteko. Finalerdietarako sailkatzeko Ezkurdiaren eta Arangurenen aukera bakarra da azken jardunaldiko euren partida irabaztea eta Martijak eta Bengoetxeak jokoan dituzten euren bi partidak galtzea.