Gazteendako taupada feministak

Guaixe 2020ko ira. 16a, 15:10
Guneak iragartzeko karteleko irudia.

Aurrenekoa Altsasuko Otadia aterpetxean, hilaren 19an, larunbatean, 10:00etatik 13:00etara. 14 eta 25 urte arteko emakumezkoei zuzendutako saioak hilean behin izanen dira, sei guztira.  

Nafarroako Berdintasun Institutuak hausnarketa eta ekintza feministarako bost gune sortuko ditu ikasturte honetan, horietako bat Altsasun. 14 eta 25 urte arteko emakumezkoei zuzendutako espazioak dira horiek eta haietan emakumezkoen errealitateari buruzko gaitasun kritikoa sustatu nahi da, genero-ikuspegia kontuan hartuta. Aldi berean, mikromatxismoei aurre egiteko estrategiak garatu nahi da gune horren bidez. Emakumezkoen arteko elkartasuna lantzeaz aparte, desberdintasunen aurrean jarrera aktiboa sustatu nahi da. Hala, parte-hartzaileak beraien bizitzak gidatzeko gai izan daitezen eta gizartea eraldatzeko eragile izan daitezen. 

Altsasuko saioak gidatzeaz Emagin elkarteko Kattalin Artola arduratuko da. Nafarroako Berdintasun Institutuaren programa da, eta antolaketan Sakanako eta Altsasuko Berdintasun Zerbitzuen laguntza izan du. Parte hartzeko izena eman beharko da. Horretarako, Nafarroako Berdintasun Institutuak Internet bidezko aukera lehenetsi du. 

Saioak 
1. Zer da patriarkatua? Maskulinoa eta femeninoa eraiki eta deseraiki.
2. Bortizkeria anitzak. Indarkeria ez direlako kolpeak bakarrik.
3. Beldurrik ez! Jarrera ere garrantzitsua delako.
4. Aske, polita eta eroa. Filmetako amodioa ez delako benetakoa. 
5. Elkarrekin sortuz. Begiratzen ikasi behar dugulako.
6. Piztu! Eraiki egin behar dugulako.