Mila eta mila aldiz egoera honen ondorioei buruz hitz egin dugu; guaixen ere artikulu eta iritzi asko argitaratu dira krisi honek 'hobetu beharreko arloak' zein dituen nabarmendu dituenak.
Nahiz eta Mugimendu Feministak ‘Bizitzak erdigunera’ eramatea ezinbestekoa dela aspalditik esan, krisi honetan talde eta instituzio askok bere egin dute aldarrikapen hau, gureek ere. Honen ondorioz une honetan erakundeek eta guk, emakumeok ere, badugu erronka handi bat: nola gauzatu helburu hori. Zein arlotan eta zein neurriekin. Hau da egin behar duguna!
Nafarroan 2020 urtean emakumezkoen jarduera tasa %52,13tik %49,97ra jaitsi da. Gizonezkoena, berriz, %62,95tik %61,70ra. Zein da kontuan hartzeko datua? Une honetan lan egiteko adinean dauden %60,03 emakumezkoak lan mundutik kanpo daudela.
Abuztuan Sakanako emakumezkoen langabezia %10,43 zen, eta zifra honen %7,59 zerbitzuen sektorean zegoen. Denok dakigu emakumezkoen enplegu gehiena sektore honetan dagoela. %7,24 zen gizonezkoen langabezia, %3,07 zerbitzuen alorrean eta %2,99 industrian.
Beste ‘hobetzeko arloei’ buruz oso datu gutxi dugu (gure ikuspuntutik, gutxiegi). Konfinamenduan zaintza sareak sortu ziren herri gehienetan, baina gero herri gutxitan mantendu egin dira. Ez al dira beharrezkoak? Beharrak aldatu egin al dira? Administrazioek eskaera hauek bete al dituzte? Nork beteko ditu? Erantzunkidetasuna da eskatzen duguna, bai gizonena baita gizartearena ere: pertsonen zaintza, lurraren zaintza, inguruaren zaintza ez dira emakumeen ardura, guztion ardura baizik.
Ezin dugu bukatu emakumeen kontrako indarkeria aipatu gabe: krisi honetan Sakanan handitu egin da salaketen kopurua (bikoiztu baino gehiago) eta orain agertzen ari dira ondorioak. Arazo hauen aurrean, gehienetan, irtenbide pertsonala eskatzen du gizarteak, eguneroko dinamikan lehentasuna ez dutelako; eta gehienetan guk, emakumeok, uste dugu irtenbide pertsonala lortu behar dugula. Horiek akatsak edo….gezurrak!
Benetako irtenbideak ez dira inoiz pertsonalak izango, politikoak baizik.