Txirrindularitza

Imanol Erbiti Alpeetako lehendabiziko etapako ihesaldian sartu zen

Guaixe 2020ko ira. 16a, 10:49

Gaur Tourreko etapa nagusia jokatuko da, kategoria bereziko Madeleine tartean duena, eta euren liderren alde hustuko dira Gorka Izagirre eta Imanol Erbiti

Frantziako Tourreko Alpeetako lehen etapa jokatu zen atzo, gaur etorriko den etapa gogorraren atarikoa. Ihesaldietarako eta abenturetarako propioa zen atzokoa, tartean 4 mendi tontor zituena, eta 18 txirrindulariz osatutako talde batek aurrera egin zuen. Tartean sartu zen Hiriberriko Imanol Erbiti (Movistar Team). Tourrean ahalegin betean dago txirrindulari arakildarra, eta taldekako txapelketari begira sartu zen iheskideen artean Erbiti, Verona taldekidearekin batera. Tropela, faboritoekin, atzean geratu zen. Soilik Mikel Nievek egin zuen salto tropeletik, eta aurrean zeuden iheslariengana iristea lortu zuen. Ihes egindakoen artean, Richard Carapazek eraso egin zuen, Alaphilippe, Kämna eta Reichenbach bere atzetik atera ziren, eta borroka oso estuan azkenean Lennard Käma (Bora) gailendu zen. Imanol Erbiti 15.a sartu zen, 6:11ra. 

Sailkapen orokorrean Roglic-ek jarraitzen du lider, Pogacar 40 segundora eta Uran 1:34ra dituela. Notizia da Tourreko iazko txapeldun Egan Bernalek Tourra utzi duela. Gorka Izagirre 22. tokian dago, eta Imanol Erbiti 82. postuan dago.

Gaur, Alpeetako etapa nagusia jokatuko da, Grenoblen hasi eta maila bereziko Col de la Lozen despedituko dena, aurretik maila bereziko Col de la Madeleine gainditu eta gero. Etapa gogor gogorra, Roglikc eta Pogacar faborito nagusien arteko borroka espero da, eta baita gainontzeko faboritoen erasoak. Gorka Izagirrek sailkapenean laugarrena den Miguel Angel Lopez liderraren alde lan egingo du eta Imanol Erbitik sailkapenean 8.a den Enric Mas liderraren alde. Ea zortea alde duten.