Kiroldegia

Aurten ere fibromialgia eta antzeko gaixotasunak dituztenendako jarduera fisikoa antolatuko du Mankomunitateak

Guaixe 2020ko ira. 16a, 16:19

Izena ematea zabalik dago Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan

Aurten ere fibromialgia, neke kronikoaren sindromea, Sentiberatasun Kimiko Anizkoitza eta antzeko gaixotasunak dituzten pertsonendako osasuna hobetzeko jarduera fisiko espezifikoa antolatu du AFINA elkarteak (Asociación Fibromialgia de Navarra), Sakanako Mankomunitearen, Altsasuko, Etxarri Aranazko eta Irurtzungo Udalen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.
Hiru tokitan eskainiko da ikastaroa, urritik hasita ekainera bitartean: Altsasuko Zelandi Kiroldegian (astearte eta ostegunetan, 16:00etatik 17:30era), Irurtzungo Kultur Etxean (asteartetan eta ostegunetan, 10:40tik 12:10era) eta Etxarri Aranazko Osasun Etxean (astelehenetan eta asteazkenetan, 16:00etatik 17:30era).Ikastaro honetan izena emateko epea zabalik dago Sakanako Mankomunitatean (kirolak@sakana-mank.eus, 948 464 866). AFINAko bazkideek hilero 11 euro eta gainontzekoek hilero 17 euro ordaindu beharko dituzte.

Behar bereziak dituztenendako kirol egokitua, musikoterapia eta psikomotrizitatea 
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak inklusibotasunean lan egiten jarraitzen du eta aurten ere kirol egokitua, musikoterapia eta psikomotrizitatea eskainiko die behar bereziak dituzten sakandarrei. 

Batetik, igeriketa eta soinketa eskola antolatuko dira Arbizuko kiroldegian, urriaren 5etik maiatzaren 15era, astelehenetan eta asteazkenetan, 17:00etatik 18:00etara. Maalen Bereza Etxarrik gidatuko ditu ikastaroak eta jarduera doakoa da. Hala ere, izena eman beharra dago Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan. 

Bestetik, desgaitasunen bat edo behar bereziren bat duten sakandar guztiek musika terapia eta psikomotrizitate ikasturtea izango dute aukeran. Ohi den bezala, larunbat goizetan izanen da, goizeko 10:00etatik aurrera Altsasuko Gaztegunean. Izena ematea irailaren 30 baino lehen egin beharko da Mank-eko Kirol Zerbitzuan, eta Mila Kolore elkarteak ordainduko di ikastaroa (50 euro ikasturte osoa). Trukean izena ematen dutenek derrigorrezkoa izanen dute klasera joatea.