Txirrindularitza

Gorka Izagirreren “Superman” Lopez Tourreko podiumean sartu da

Guaixe 2020ko ira. 17a, 10:04

Alpeetako etapa ikusgarriena irabazi zuen atzo Miguel Angel Lopezek (Astana), eta bere taldekide Gorka Izagirre (Astana) eguneko ihesaldian sartu zen

Atzokoa Alpeetako etapa garrantzitsuena jokatu zen, bigarren eremuan la Madeleine ikusgarria gainditu eta gero, kategoria bereziko Col de Lozen despeditu zena. Buruan mugimenduak izango zirela aurreikusten zen, eta hala gertatu zen. -Gorka Izagirre (Astana) eguneko ihesaldian sartu zen, Richard Carapaz (Ineos), Lennard Kamna (Bora), Julian Alaphilippe (Deceuninck) eta Daniel Martin (Israel) txirrindulariekin batera. Sei minutuko aldea ateratzera heldu ziren.

Baina atzetik mugimenduak hasi ziren, eta kategoria bereziko Madeleinek eta Col de Lozek selekzioa egin zuten. Mikel Landaren Bahrain taldeak abiadura gogortu zuen, Landarekin podiuma lortzeko ahalegina eginez, baina Miguel Angel Lopez (Astana) eta Roglic (Jumbo) izan ziren onenak. Carapazek eutsi zuen, baina hiru kilometro falta zirenean Miguel Angel Lopezek eta Kussek harrapatu zuten. Aurretik hasia zegoen Gorka Izagirreren liderraren erakustaldia: bikain ibili zen Miguel Angel “Superman” Lopez. Kolonbiarrak modu ikusgarrian egin zuen gora Col de Lozen eta Tourreko etapa garrantzitsuena irabaztea lortu zuen (4:49:08). Bere elastiko horia defendatzeko lan bikaina egin zuen Primoz Roglic liderra (Jumbo), bigarrena sartu zen, 15 segundora, eta bere areriorik gogorrena, Tadej Pogacar (UAE) hirugarrena izan zen, 30 segundora. Mikel Landa 7. sartu zen, 1:20ra. 

Hortaz, bi irabazle garrantzitsu izan zituen atzoko etapak: Miguel Angel Lopez, etapa irabazteaz gain, hirugarren postura igo baitzen sailkapen orokorrean; eta Roglic, bere arerio Pogacarri segundo batzuk atera baitzizkion. Sailkapen orokorrean Roglickek 57 segundo ateratzen dizkio Pogacarri eta 1:26 Miguel Angel Lopezi. Mikel Landa (Bahrain) 7. postuan dago, 3:27ra, baina soilik 22 segundoko aldea du Richie Porte laugarrenarekin. Etziko erlojupekoan aukera izan dezake, baina aitortu beharra dago arabarrak oso zaila duela.

Gorka Izagirre atzo 21.a iritsi zen helmugara, 8 minutu pasatxora, eta sailkapen orokorrean 20. postuan dago. Ziordian bizi den ormaiztegiarrak eta bere taldea, Astanak, gustura ospatu zuten Miguel Angel Lopez liderraren etapa garaipena eta sailkapen orokorreko 3. postua. Hark esker oneko hitzak izan zituen taldekideendako. Bestalde, Movistar Team taldean Enric Mas liderraren alde lan egin zuten Imanol Erbitik eta gainontzeko talde gizonek. Mas 6. iritsi zen Col de Lozera, 1:12ra, eta sailkapen orokorrean 8. postuan dago, 4:18ra. Imanol Erbiti 80.a da sailkapen orokorrean, eta Tour bikaina egiten ari da bere liderraren alde. 

Datorrena
Gaur, osteguna, Méribel eta La Roche-sur_Foron arteko etapa jokatuko da, Tourreko 18.a, tartean 4 mendi tontor dituela. Etapa oso gorabeheratsua, eskalatzaileen azken aukera izango da, ostiraleko etapa laua baita eta larunbatean, aldiz, portu gainean despeditzen den erlojupekoa. Erlojupeko horrek guztia erabakiko duela dirudi, baina gaurko etapak ere badu berea, atzoko etapa gogorraren ondotik, are gehiago.