Kiroldegia

Kontaktua duten kirolen entrenamenduen hasiera urriaren 1era atzeratu dute

Guaixe 2020ko ira. 17a, 17:07
Sakanako Kirol Topaketak. Artxiboa

Futbola, saskibaloia, pilota eta beste hainbat kirol ukitzen ditu neurri honek

Nafarroak kontaktua duten kirolen entrenamenduen hasiera atzeratu egin du. Hasiera batean irailaren 14tik aurrera hasi ahal ziren entrenamendu saioak, eta talde askok hala egitea aurreikusia zuten, baina egun horretan bertan iritsi zen Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko erresoluzioa, kontaktuzko kirolen entrenamenduen hasiera urriaren 1era atzeratzen zuena. Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko Miguel Pozuetak azaldu duenez, aipatu erresoluzioa gobernuak hartutako neurrien ondotik dator. 

Halaber, maila txikienetatik hasi eta kadete maila bitarteko Nafar Kirol Jolasak antolatu ahal izateko planteamenduak aztertzen ari direla gaineratu du Miguel Pozuetak, baina pandemiaren egoerak nolako garapena duen ikusi beharra dago. “Ikusi beharra dugu 15 egun hauetan zer gertatzen den, bestelako neurriak eta erabakiak hartzen diren edo zer gertatzen den. Osasunaren garapenak markatzen duen bidea jarraituko dugu” nabarmendu du Nafarroako Kirol Institutuko buruak. 

Erabaki honek futbolean, saskibaloian, pilotan eta Sakanan burutzen diren beste hainbat kiroletan du eragina, eta gure talde eta kluben entrenamenduak, hortaz, atzeratu egin dira.