Duatloia

Igartzako Mendi Duatloiak lehiaketetara bueltatzeko aukera eman die gure kirolariei

Guaixe 2020ko ira. 18a, 10:09
Isidro Asurabarrenak proba utzi behar izan zuen. Argazkia: Fernan Puras.

Sergio Garcia de Eulate 11. postuan sailkatu zen, eta Mikel Astiz 18.ean

Igandean VIII. Igartzako Mendi Duatloia jokatu zen Beasainen, aldi berean X. Euskal Herriko Mendi Duatloia izan zena. COVID-19 birusaren ondotik antolatu den proba gutxienetako bat izan zen Beasaingoa. Distantziei dagokienez, irteera hartu zutenek lehenik eta behin 4,2 km korrika egin behar izan zituzten mendian, gero mendi bizikleta hartu eta 13,5 kilometroko buelta egiteko. Bukatzeko, bizikleta utzi eta 3,1 kilometroko tartea egin behar izan zuten korrika. 

Jon Ergin Dorronsoro izan zen azkarrena (1:18:40) eta Euskal Herriko txapelduna, Josu Urrestarazuri ia 4 minutu aterata (1:22:33). Mendi duatloiak ez dira Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulateren berezitasuna, baina altsasuarrak mendian ez dela horren gaizki moldatzen erakutsi zuen, 11. postuan sailkatu baitzen (1:30:46). Ihabarko Mikel Astiz Erro 18. postuan iritsi zen helmugara (1:34:42), eta Sakana Triatloi Taldeko Isidro Asurabarrenak proba utzi behar izan zuen, bizikletan matxura izan zuelako. 

Sergio Garcia de Eulatek aipatu duenez, “oso gustura, oso pozik” dago proba batean aritzeko aukera izateagatik, bederen. Mendia ez da bere espezialitatea, baina ongi ibili zen altsasuarra. Izan ere, garrantzitsuena orain, lasterketa batean aritzea bera da.