Despopulazioaren kontrako dirulaguntza kontzejuendako

Guaixe 2020ko ira. 24a, 10:37
Dorrobarrak San Joan ermitan, atzean herria dutela.

Jasotako 16.518 euroak hiru zatitan egin du udalak eta kontzejuei eman die herrietan lanak egin ditzan.

Nafarroako Gobernuak despopulazioaren kontrako jardueretarako dirulaguntza ere jaso du Ergoienako Udalak. Kopurua hiru zatitan egin eta kontzeju bakoitzari 5.506 euro eman dizkio. Kontzeju bakoitzak dagoeneko dirua zertara bideratuko duen jakinarazi du. Lizarragako Kontzejuak argindar mikro sarerako jarritako eguzki plakak pagatzeko bideratuko du dirua. Unanuko Kontzejuak, berriz, mediku kontsultategiko leihoak aldatuko ditu. Eta, horrekin batera, frontoian egungo argiteria kendu eta LEDak jarriko ditu. Azkenik, Dorraoko Kontzejuak argiteria publikoan LED argiak jartzeko baliatuko du. Egungo farolak mantendu eginen ditu. Horretaz aparte, San Pedro ermitarako bidean bi banku jarriko ditu, handik pasieran ibiltzen baitira herriko aiton-amonak.