Konpetentziak autobus enpresak zigortu ditu

Guaixe 2020ko ira. 18a, 11:43
Iturmendiko markesina.

Eskola garraioko 33 enpresa eta elkarte bat zigortu ditu Nafarroako eskola garraioan kartel bat sortzeagatik, tartean dira Sakanan zerbitzu hori eskaintzen duten La Burundesa eta La Estellesa.

Merkatuen eta Lehiaren Nazio Batzordeak (MLNB) eskola garraioko 33 enpresa eta sektoreko ANET elkartea zigortu ditu Nafarroan eskola garraioan kartel bat sortzeagatik. MLNBren arabera, enpresek sare bat sortu zuten Hezkuntza Departamentuaren lehiaketak banatzeko eta garestitzeko.Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak ikastetxera eramateko eskola garraioko lehiaketetan izanen luke eragina sareak. Batzordearen arabera, “karteleko enpresek 2013ko abenduaren 1etik 2018ko abenduaren 1era banatu zituzten aukeratzeko ibilbideak, eta txandak eta konpentsazioak ezarri zituzten lan-karga eta prezioak ziurtatzeko”. 

MLNBk gaineratu duenez, “azpijokoaren existentzia islatuta geratu da, gutxienez, 2013/2014 ikasturterako lizitazioan eta haren luzapenetan eta 2017/2018 ikasturterako lizitazioan. Ikerketaren arabera, jokabide koordinatua izan da, eta, beraz, enpresetako bat lote batera aurkeztu denean, akordioan parte hartu duen beste inork ez du parte hartu, nahiz eta horretarako kaudimen teknikoa izan”. Batzordeak gaineratu duenez, “enpresen eta ABEEen artean adostasunik ez balego, enpresek lote berberetan aurkeztuko lituzkete eskaintzak, kontraturen bat lortzeko aukera gehiago izateko, eta prezioan eta baldintzetan lehiatuko lirateke; azken batean, horrek onura ekarriko lioke azken kontsumitzaileari”.

Batzordeak enpresei, guztira, 3.364.738 euroko zigorra jarri die. Horrekin batera,  administrazioarekin kontratatzeko debekua ezartzeko prozedura aktibatu du. La Burundesak 437.646 euroko isuna jaso du eta La Estellesak, berriz, 158.959. Bestalde, ANET elkarteak 15.000 euroko isuna jaso du, bere egoitzan bilerak egiteagatik. MLNBren arabera, bilera horietan, enpresek beren jarduna koordinatzen zuten.

Nafarroako Kontu Hartzaile Nagusiak debekatutako jarduerak egon zitezkeela jakinarazi zion Kontsumoaren, Arbitraiaren eta Lehiaren Defentsa Zerbitzuari. Azkenik, gaia MLNBren esku gelditu zen. ANETen egungo zuzendaritzak jakinarazi du Espainiako Auzitegi Nazionalean helegitea jartzeko asmoa dutela. Elkartetik adierazi dutenez, “sekula ez da lehiaren kontrako praktikarik egon. Ikerketak identifikatu dituen gertakariak Nafarroako Gobernuak oker interpretatu zituen, arau hauste gisa”. Gaineratu dutenez, isunak “zenbait enpesa desagertzea ekar dezake. Izan ere, martxotik ez da eskola-garraiorik izan, eta bidaiarien ohiko eta ezohiko garraioan jaitsiera handia izan delako.