Gaur egun bi planta sateliteren bidez hornitzen da gasez Lekunberriko herrigunea eta industrialdea. Nedgia Navarra SAk sareak eta zerbitzuak hedatzeko duen planaren barruan gasbide bat eraman nahi du Lekunberrira. 2018koa da egitasmoa. Gasbidearen trazadurarendako hiru alternatiba proposatu zituen: Leitzatik abiatzea, Astiztik abiatzea edo Irurtzundik abiatzea eta Plazaolako bide berdean barna segitzea. Sustatzaileak azken alternatiba hori hiru arrazoirengatik bota zuen atzera: lan-pistaren zabalera eraikuntza egiteko teknikoki behar dena baino txikiagoa delako (8 metroko zabalera nahi du), trazadura horrek tunelak zeharkatzen dituenez asko zailduko litzatekeelako prozesua, eta trazaduraren zati bat Nafarroako Gobernuaren errepide-sareko galtzada delako.
Leitzatiko altertatiba ere baztertu zuen. Eta Astizkoaren alde egin zuen. Zuhatzu eta Ihabarko aukerak baztertu zituen enpresak eta, beraz, gasbidea Etxeberritik abiatuko litzateke eta Aralarko magalean gora eginen luke Oderizko inguruetara ailegatzeko. Puntu horretatik aurrera, trazadura NA-7500 errepidearen ondoko pasabide batetik joanen litzateke, eta Lekunberriko hirigunearen inguruan, errepidetik aldentzen hasiko litzateke, industrialdera ailegatu arte.
Zertan da?
“Tramitazioa nahikoa aurreratuta dago. Azkeneko pausoetan dabiltza. Desjabetze prozesu guztiekin hasi dira. Bere bidea egin beharko du oraindik, baina hasi dira. Azken finean, Larraungo eta Arakilgo udalen baimenen zain daude. Horretarako zenbait dokumentu aurkeztu behar dituzte”. Haietako bat Ingurumen Departamentuan dago gaur egun, jende aurrean ere egon beharko du. Hura jasota “aurrera eginen lukete”, azaldu du Olaberriak.
Udalek, kontzejuek eta herritarrek alegazioak aurkeztu zizkioten proiektuari. Arakilgo Udalarena atzera bota zuten. Besteak beste Aralartik gasbidea eramatea merkeagoa zela erantzun zuten. Olaberriak jakinarazi zuenez, “gure perituak estimazioa egin zuen eta gezurra da. Bestetik, esaten dute teknikoki Plazaolatik ezin daitekeela eraman. Gure txosten teknikoan erakutsi dugu aukera egingarria dela”.
Alkateak gaztigatu duenez, “jendeak proiektuaren ezagutzarik ez zuen, oso isilik egin izan den zerbait izan da. Gaia publiko egin dugunetik kontrako mugimendua dago”. Arakilen proiektuak ukitutako Etxeberri, Egiarreta eta Etxarrengo kontzejuak proposatutako trazaduraren kontra agertu dira. Ondorioz, desjabetze txostenak eta bestelakoak ez dituzte sinatu.
Epaitegian
Arakilgo eta Larraungo Udalek adierazi dute ez daudela gasbide proiektuaren kontra. “Lekunberrin beharra dago eta hura ase behar da”. Bi udalak aukeratutako trazaduraren kontra daude. Horregatik, udalek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dute Nafarroako Gobernuak baimena ematearen kontra. Aldi berean, Plazaolako trazadura aztertzeko eskatu dute. Txostena aurkeztu dute horretarako.
Alkateak ziurtatu duenez, “badaude alternatibak. Berez enpresak, hasiera batean, ongi ikusten zuen Plazaolako alternatiba”. Olaberriak azaldu duenez, “hori da bide naturala. Teknikoki egingarria da. Ez da erokeria bat. Merkeagoa da. Hodi eta kanalizazio guztiak hortik doaz”. Izan ere, Plazaolako bide berdean barna eramaten da gaur egun Iribastik Irurtzunera arteko goi ur-hornidura sarea eta zuntz optikoaren sarea handik hedatzen dira.
Olaberriak azaldu duenez, “Plazaola turismo partzuergoa aukera horren aldekoa da. 2017an Nafarroako Gobernuarekin, Nasuvinsarekin hartu-emanak izan ziren eta ongi ikusten zuten Plazaolako aukera. Ez dugu ulertzen orain zergatik halako aldaketa”. Bestalde, hainbat gabezia ikusi dituzte udalek egitasmoan: ez du ingurumen kalteen gaineko txostenik eta, beraz, ez dago zehaztuta nola berreskuratuko luketen ikututako ingurunea, eta, horrekin batera, topografia ikerketarik ez da egin.
Eta gogorarazi du Aralar mendia babestutako eremua dela: “Gasbidea Babes Berezirako Gune batetik pasako litzateke”. Karst gunea dela ere nabarmendu du: “ikutuz gero ezin da berreskuratu. Gainera, ez dakite non sartzen diren. Hor leze pila daude. Haiek zuhaitzak jarriko dituztela diote. Baina hori ez litzateke bere onera bueltatuko. Egiarretan trikuharriak ditugu. Arkeologia intereseko gauzak daude, gure kultura direnak. Hori ikutzea, beste alternatibak daudenean, erokeria da”. Arakilgo Udalak egitasmoaren trazadura bertatik bertara ezagutzeko txangoa antolatuko duela aurreratu du Olaberriak. Bestalde, egitasmoaren berri emateko hitzaldia izanen da Irurtzungo kultur etxean lastailaren 9an ziurrenik.
Datuak
14.671 metroko luzera du gasbideak.
8 metroko zabalera luke gasbidearen aztarnak.
0,8 eta 1,5 metroko sakoneran egonen da hodia.
6.700.000 euroko aurrekontua du Aralarko trazadurak, udalen perituaren arabera.
4.280.000 euroko aurrekontua du Plazaolako trazadura, udalen perituaren arabera.
5.000 zuhaitz moztea dakar proiektua egiteak.