Eskubideak bermatzeko eta garatzeko zerbitzua

Guaixe 2020ko ira. 22a, 14:33

Kattalingune zerbitzuaren aurkezpenean izan ziren Vanesa Egiluz Gonzalez, David Oroz Alonso, Oihana Gallo San Roman eta Goreti Etxepare Alberro.

Txandaka, Irurtzungo kultur etxeak eta Lakuntzako udaletxeak sexu eta genero aniztasunari buruzko zerbitzua, Kattalingune, hartuko dute ostegunetan

Aurreneko Kattalingunea Iruñean zabaldu zen 2016an. Tuteran zabaldu zen 2017an. Eta aurten Sakanan zabaldu da. Vanesa Egiluz Gonzalez, Nafarroako Gobernuko Berdintasunerako Institutuko LGTBI+ arloko Berdintasunerako Zuzendariordeak azaldu duenez, "Nafarroako Gobernutik azpimarratu dugu LGTBI+ pertsonen eskubideak garatu eta bermatzeko administrazioek bete beharra dutela. Horrela bermatuko delako afektibitate eta sexu aniztasuna erabateko askatasunez bizitzea toki guztietan". Horregatik, Egiluzek aldarrikatu zuen administrazioek LGTBI+ politikak egin behar dituztela, "herritar guztiei bere sexu eta genero dibertsitatea aske bizi dezaten bermatzeko". 

Gobernuko ordezkariak aitortu zuen LGTBI+ kolektiboen bultzadarik gabe politika publikorik ez zela izanen. Horregatik, aldarrikatu zuen lan horri heltzerakoan erakundeak eta LGTBI+ kolektiboak elkarri entzun beharra zutela, "kolektiboak baitira ezagutza, historia, premia eta errealitatearen iturri nagusia". 

Legea 
Nafarroako Gobernua LGTBI+ pertsonendako berdintasun sozialerako legea onartu zuen 2017an. Lege horren ekintza plana garatzeko lanean ari da foru administrazioa gaur egun. Egiluzek jakinarazi duenez, lan horrek lau ardatz izanen ditu: erakunde ekintza, prestakuntza eta gaikuntza, sentsibilizazioa eta parte hartzea eta LGTBI+ pertsonei harrera. 

Azken ardatz horren barruan kokatzen da Sakanan Kattalinguneak zabaltzea. "Sexu eta genero aniztasunari arreta deszentralizatzeko estrategiaren barruan kokatzen da. Gainera, LGTBI+ errealitatea Nafarroako eskualde guztietara gerturatu nahi dugu". Gobernuko ordezkariak azaldu duenez, "azken batean, helburua da arlo guztietan sexu eta genero dibertsitatearen baloreak sustatzea da, hainbat gizarte errealitate sentsibilizatu sexu eta generoaren aniztasuna gehituz". Arlo horretan aurrera egiteko, Egiluzek erakundeen, kolektiboen eta herritaren elkarren arteko elkarrizketa aldarrikatu ditu. Azkenik, Sakanako Mankomunitatearen jarrera eta harrera eskertu ditu. 

Zerbitzu berria
Sakanako Mankomunitateko presidente David Oroz Alonsok  Nafarroako Berdintasun Institutuak zerbitzua Sakanan deszentralizatzeko egindako eskaintza eskertu du. Kattalingunek Irurtzunen eta Lakuntzan ateak zabalduko baditu ere, sakandar guztiei zerbitzua emanen diela nabarmendu du, "eta Irurtzundik inguruetako ibarretako herritarrei ere". 

Orozek nabarmendu duenez, "sexu eta genero aniztasunarena, LGTBI+ gaia gehiegitan bistaratzen ez den gaia da. Herrietan hirietan baino ezkutatuago egoten da". Horregatik, arlo horretan lanketa egiten hastea interesgarria dela uste du ibarreko erakundeko lehendakariak. "Kattalingune zerbitzu berri hori sakandarren prozesu pertsonaletan eta errealitate hori bistaratzeko lagungarria izan daitekeela uste dugu. Azkenik, Irurtzungo eta Lakuntzako udalen egoitzak uzteko prestutasuna eskertu du Orozek.