Txirrindularitza

Erbitiren eta Arrietaren Movistar Team, Tourreko talderik onena

Guaixe 2020ko ira. 21a, 08:43

Jose Luis Arrieta uhartearrak zuzentzen duen Movistar Team taldea Parisko podiumera igo zen hirugarren aldiz jarraian, talderik onenaren saria jasotzera. Aldiz, Gorka Izagirreren lider Lopezek (Astana) ezin izan zuen sailkapen orokorreko hirugarren postua eutsi

2020ko Tourra despeditu da. COVID-19 birusaren pandemiaren aurrean denboraldia eta txirrindularitza bera nola edo ahala salbatzeko, segurtasun neurri oso zorrotzekin jokatu da Olinpiaden ondoren munduko kirol probarik jarraituena dena. Txirrindulariak eta taldeak burbuila batean egon dira, kanpoko inorekin harremanetan, birusari aurre egiteko. Eta, alde horretatik, helburua lortu da: ez da txirrindularirik kutsatu eta lasterketa hasi eta bukatu egin da. Eta nola, gainera. 

Alpeek erabaki zutela zirudien, eta inork gutxi espero zuen larunbateko erlojupekoan gertatu zena. Primoz Roglic liderrak (Jumbo) 57 segundoko aldea ateratzen zion Tadej Pogacarri (UAE), eta maillot horia eusteko nahikoa aldea zela uste zen. Baina Pogacarrek oraindik ere ahaztekoa ez dugun erlojupekoa egin zuen: 21 urteko eslobeniarrak hegan egin zuen eta 1:56-eko aldea atera zion Roglici eta Tourra despeditzeko jardunaldi baten faltan maillot horia eskuratu zuen. Txirrindularitzaren historiara pasako den balentria, zalantzarik gabe, Roglicen eta Pogacarren arteko besarkadarekin batera. Nahiz eta jota egon, Roglicek herritarra zoriondu zuen, kiroltasun bikainaren erakusle. Gorka Izagirre ziordiarraren lider Miguel Angel Lopez izan zen erlojupekoko beste galtzaile nagusia, hirugarren postua galdu baitzuen. 

Sailkapena
Gauzak horrela, Tadej Pogacar izan da Tourreko irabazlea, merezimendu osoz. Bere lehendabiziko Tourra izan da, eta Tourra irabazi duen txirrindularirik gazteena, 21 urterekin. Sailkapen orokorrarekin batera, mendiko sailkapena irabazi du, eta Tourreko txirrindulari gazteenaren saria. Pogacarrek 59 segundo atera dizkio Primoz Roglic eslobeniarrari eta hirugarrena Richie Porte (Trek) izan da, 3:30era. Laugarren Mikel Landa (Baharain) izan da, 5:58ra, eta bosgarren Enric Mas (Movistar Team), 6:07ra. Miguel Angel Lopezek (Astana) 6. postuan despeditu du Tourra. Gorka Izagirre (Astana) 22. postuan sailkatu da, eta Imanol Erbiti (Movistar Team) 74.ean. 

Movistar Team taldean, lanak eginak
Movistar Team taldeko Jose Luis Arrieta kirol zuzendari uharte arakildarrak kontentu egoteko hamaika arrazoi ditu. Aurtengo helburua Enric Mas lider gazteak esperientzia hartzea eta Top-Tenean sailkatzea zen helburua, eta xedea bete da, Masa bosgarren sailkatu baita. Horretarako lan itzela egin dute Valverdek eta talde guztiak, Hiriberriko Imanol Erbitik tartean. Erbitik talde gizon paregabea dela erakutsi du beste behin, liderra babestuz eta ihesaldian sartuz. Eusebio Unzuek esan du Erbiti “ezinbestekoa” izan dela.  Eta etengabe lanean egoteak saria izan du, Movistar Team taldeak Tourreko talderik onena izan baita, eta atzo Eliseoko Zelaiko oholtza gainera igo ziren txirrindulariak eta Arrieta zuzendaria, merezitako saria jasotzera. Movistar Team taldeak 7 aldiz lortu du talderik onena izatea, azken hiru urtetan jarraian, eta, hortaz, asko du ospatzeko talde urdinak. Gaur itzuliko dira Parisetik. 

Astanan, penatuta
Roglic-ekin batera, Miguel Angel Lopez (Astana) izan da galtzailerik handiena. Erlojupekoak kalte handia egin zion ordura arte sailkapenean hirugarrena zenari, eta seigarren postura jaitsi zen. Horregatik, sentimendu gaziarekin despeditu du Tourra Gorka Izagirreren Astana taldeak. Ziordian bizi den ormaiztegiarrak lan bikaina egin du Le grande Bouclen, ihesaldietan sartu eta Lopez liderra ezin hobe zaindu du, baina podiuma galtzeak min handia egin dio taldeari.