"Bertso eskolak askotan ikusten ditugu bertsolariak sortzeko fabrika bat bezala, baina hortik haratago doa”. Idoia Granizo bertsolaria Altsasuko, Urdiaingo eta Lakuntzako bertso eskola taldeetan irakaslea da. "Sozializazio gune bat da, ikasle askorendako gune euskaldun bakarrenetarikoa, ahozkotasuna lantzen da, bat-batekotasuna, jendearen aurrean aritzeko ohitura ere lantzen da…”. Gauza "asko” lantzen dira, beraz, bertso eskoletan. Matrikulazio kanpaina martxan dago; 27ra arte izena eman daiteke Nafarroako Bertsozale Elkartearen webgunean. Klaseak urriaren 5ean hasiko dira, eta Sakanan Irurtzunen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen, Urdiainen eta Altsasun izanen dira taldeak.
Talde "politak” sortzen dira bertso eskoletan, Granizok azaldu duenez. "Denetarik egoten da, eta adinaren araberakoak izaten dira”. Hortaz, Lehen Hezkuntzako 4. mailatik batxilergoko 1. mailako ikasleak hartzen dituzte. "Normalean ikasle gehienak LHko 5. eta 6. mailakoak eta DBH 1. mailakoak izaten dira, baina badira helduagoak ere”. Helduen bertso eskolak ere badira, eta "hor ere ateak zabalik” dituzte.
Mundu bat
Granizo ez ezik, Sakanako bertso eskoletan Saats Karasatorre eta Eneko Lazkoz etxarriarrak izanen dira irakasle. "Nafarroako Bertsozale Elkartea saiatzen da horrela izan dadin. Herriko edo, behintzat, bailarako jendeak bertso eskolak ematea”. Erreferentziak izatearen garrantziaz hitz egin du Granizok, "denok elkar ezagutzen dugu, eta garrantzitsua iruditzen zaigu”. Helduen bertso eskolan ibiltzen direnak haurren bertso eskolak antolatzen dituzte. "Erakusteko ez dela kanpoko zerbait”. Irurtzungo bertso eskolako irakaslea izanen da.
Bertsolaritza sustatzea da bertso eskolen helburu nagusietako bat. Baina ez bakarra. Testuinguruaren arabera bertso eskolen helburuak askotarikoak izan daitezke. "Lagun talde bat euskalduntzea izan daiteke, euskaraz aritu ahal zarela dakizun gune bat, eta herriaren arabera hori ez da erraz lortzen, lagun talde bat izatea zure kuadrillatik edo zure klasetik kanpo eta, etorkizunean, Euskal Herriko bertsolaritzaren ingurugiroan dabilen jendea ezagutzea”. Gauza asko kontatu ditzake Granizok. Bertsolaritzak "gauza asko” hartzen dituelako. "Ez da bakarrik etorkizunean oholtzaren gainean bertsolari bat ikustea”. Helburu bat zein beste bat izan, guztiek "asko ikasiko” dutela eta lan "handia” eginen dutela esan du Granizok. Mundu bat da: "Gai jartzailearen lana, esaterako, jendea trebatu behar da ere, eta bertso eskolek sekulako lana egiten dute. Eta hau, adibide bat besterik ez da.
Egoera berezia
Ikastetxe guztiak bezala, bertso eskolak ere "bat-batean” gelditu behar izan ziren martxoan. "Inprobisatu behar izan genuen, mundu guztia bezala”. "Ahal izan zuten moduan” bertso eskolak aurrera eraman zituzten. "Erabateko elkarlana” aipatu du Granizok: "Nafarroako irakasleon artean materiala elkarbanatzen genuen”. Sare sozialak eta teknologia berriak baliatu dituzte eskolekin aurrera jarraitzeko, hala ere, bertsolariak aitortu duenez, "bertsolaritzak aurrez aurrekotik hainbeste duenez ez da batere erraza izan”. Dinamizazioa eta motibazioa mantentzen saiatu dira. "Guztion artean” aurrera eraman dute, eta balorazio "positiboa” egin dute. "Ikasleen harrera oso ona izan da”. Pozik bukatu dute ikasturtea.
Ikasturte berriaren hasieran, "behintzat”, eskola presentzialak bermatzen saiatuko dira, segurtasun neurri guztiak betez: maskara, pertsonen arteko distantzia, desinfekzioa… "Zaila da haurrak direlako eta niri gustatzen zait ariketak bultzatzea eta kontaktuan egon daitezen. Baina aurten distantzia mantentzen saiatuko gara”.