Pilota

Ligaxka bukatuta, gaur Masterseko lehen finalerdia jokatuko du Martijak Logroñon

Guaixe 2020ko ira. 21a, 11:45
Martijak igandeko finalean egon nahi du.

Etxeberriko atzelariak eta Oinatz Bengoetxeak Rezusta izanen dituzte gaur aurkari Logroñon (19:15)

Larunbatean despeditu zen Masters CaixaBankeko hasierako ligaxkako 14. eta azken jardunaldia, eta sorpresak egon ziren. Hondarribian, Ezkurdiak eta Aranguren ordezkatu zuen Larunbek sekulako mailan aritu ziren eta  9 eta 22 irabazi zieten Olaizola II.ari eta Zabaletari. Artaxoan, Urrutikoetxeak eta Irribarriak 8 tantotan utzi zituzten Elezkano II.a eta Aretxabaleta, eta Atarrabian, Jakak eta Albisuk 22 eta 19 irabazi zieten Artolari eta Rezustari. Finalerdietatik kanpo geratu ziren bikoek, beraz, garaipen sendoak lortu zituzten finalerdietarako sailkatuta zeuden bikoen kontra. Bezperan, ostiralean, Bengoetxea VI.a-Martijak eta Altuna III.a-Imazek lehia oso estua izan zuten, baina, azkenean Altuna III.a eta Imaz gailendu ziren, 19 eta 22. 

Gauzak horrela, Masters CaixaBankeko ligaxkako sailkapenean Artola-Rezustak 11 puntu lortu dituzte, Altuna III.a-Imazek 10, Olaixola II.a-Zabaletak 9, Bengoetxea-Martijak eta Ezkurdia-Arangurenek 8na puntu, Jaka-Albisuk 7 puntu, Urrutikoetxea-Irribarriak 2 puntu eta Elezkano II.a-Aretxabaletak puntu 1. 

Finalerdiak Adarragan, gaur eta ostiralean
Masters CaixaBankeko lehen finalerdia gaur jokatuko da, Logroñoko Adarragan, 19:15ean. Bengoetxea VI.a eta Martijak Artola eta Rezusta izango dituzte aurkari. Partida oso gogorra aurreikusten da, eta nahiz eta akaso Artola eta Rezusta faboritoagoak izan, ligaxkan liderrak izan direlako, Oinatz Bengoetxeak eta Martijak bikote oso ona osatzen dutela erakutsi dute eta dena emango dute igandeko finalean egoteko. Hortaz, oso lehia borrokatua aurreikusten da. 

Bigarren finalerdia ostiralean jokatuko da, Adarragan, 19:15ean hasiko den jaialdian. Olaizola II.ak eta Zabaletak Altuna III.a eta Imaz izanen dituzte arerio oso gogorra aurreikusten den finalerdian. Masters CaixaBank Torneoko finala igandean jokatuko da, 17:00etan, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.