Pilota

Martijak eta Bengoetxeak agur esan diote Masters CaixaBank Torneoari

Guaixe 2020ko ira. 22a, 11:11
Argazkia: Justo Rodriguez.

Atzo Logroñoko Adarragan jokatutako lehen finalerdian Artolak eta Rezustak 11 eta 22 irabazi zieten

Masters CaixaBank Torneoko lehen finalistak nortzuk diren badakigu: Iñaki Artola eta Beñat Rezusta. Torneoko hasierako ligaxkan liderrak izan direnak atzo Logroñoko Adarragan jokatutako lehen finalerdian ez zuten huts egin eta 11 eta 22 irabazi zieten Oinatz Bengoetxeari eta Julen Martijari. Leitzakoa eta Etxeberrikoa sorpresa emateko asmoz atera ziren kantxara, baina ezinezkoa izan zuten, gipuzkoarren makineriaren aurrean ez baitzuten aukerarik izan. 

Hasierako ligaxkako bi partidetan Artolak eta Rezustak Bengoetxea VI.a eta Martija mendean utzi zituzten, eta torneoko lehen finalerdian gidoi berbera errepikatu zen. Hasieratik hartu zuten aurrea torneo honetan arrainak uretan bezain ongi murgiltzen diren Artolak eta Rezustak. Sakea alde, lehen tantoak euren zakura erori ziren. Bengoetxeak eta Martija 3 eta 4 hurbildu ziren eta une horietan parez pare aritu ziren bi bikoak, baina 3 eta 5etik 4 eta 13ra joan ziren zuzenean gipuzkoarrak eta hortik aurrera bere agintea berretsi zuten, etengabe. Bengoetxeari eta Martijari ez zieten aukerarik niñiñoena ere eman, eta nafarrek ez zuten bere eguna izan. Azkenean 11 eta 22 irabazita, igandean Bizkaia pilotalekuan jokatuko den Masters CaixaBankeko finalerako sailkatu dira Artola eta Rezusta. Bengoetxea eta Martija txapelketatik kanpo geratu dira, hori bai, txapelketan itxura oso ona eman eta gero. 

Beste finalerdia: Olaizola II.a-Zabaleta / Altuna-Imaz
Masters CaixaBank Torneoko beste finalerdia ostiralean jokatuko dute, Adarragan, Aimar Olaizolak eta Jose Javier Zabaletak Jokin Altunaren eta Ander Imazen kontra (19:15). Bi bikoek antzeko maila eman dute orain arte. Hasierako ligaxkan 10 puntu lortu zituzten Altunak eta Imazek, eta 9 puntu Olaizola II.ak eta Zabaletak. Hortaz, torneoko bigarren finalerdia oso estua eta lehiatua aurreikusten da. 

Esan bezala, final handia igandean jokatuko da, 17:00etan, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bigarren finalerdia irabazten dutenak irabazita, faborito nagusiak Artola eta Rezusta izango dira.