Aizkora

1. eta 2. mailako aizkolariek Euskal Herriko Federazioarekin apurtu dute

Guaixe 2020ko ira. 24a, 10:45

Euren txapelketa propioak jokatuko dituzte, urrian eta azaroan

Euskal Herriko 1. mailan aritzen diren aizkolari guztiak eta 2. mailan aritzen direnetatik 8k agerraldia egin zuten atzo Diman, Euskal Herriko Federazioarekin dituzten desadostasunen berri emateko eta hemendik aurrera euren bidea jarraituko dutela azaltzeko. Aitzol Atutxak eta Iker Vicente egungo txapeldunak egin zituzten bozeramaile lanak, eta mahaian ere Eloy Corchero eseri zen. 

Euskal Herriko Federazioarekin “deseroso” sentitzen direla eta “hitzemandakoak” ez direla bete salatu zuten, azkeneko urteetan gertatutakoen zenbait azalpen eman eta gero. Horregatik guztiagatik, “elkarte bat sortzearen beharraz” jabetu zirela nabarmendu zuten, “guztion interesak bideratuko dituena, egungo garaiei egokituko dena, eta etorkizunean txapelketak antolatzeko ekimena izango duena”. Horrela, Euskal Herriko Federazioak antolatutako txapelketetara ez direla joango azaldu zuten sinatzaileek; eta euren aldetik aizkora lehiaketa bat prestatzea erabaki dute aizkolariek. Txapelketak bi jardunaldi izango ditu. Kanporaketa urriaren 25ean jokatuko da, Zestoan, eta azaroko azken asteburuan Iruñean finala jokatuko da, Nafarroa Arenan. Txapelketa lehia federatiboaren molde berekoa izango da.