Txirrindularitza

Burunda eta Aralarko txirrindulariak nagusi Lizarran

Guaixe 2020ko ira. 24a, 16:46
Junior mailako lasterketako podiuma. Argazkia: Martin Early.

Igandean Lizarran jokatutako junior mailako lasterketan Unai eta Hugo Aznar eta Igor Arrieta igo ziren podiumera

Igandean kadeteen eta juniorren II. The Faculty-Lesaga Kafeak Txapelketa jokatu zen Lizarran. Lehenik eta behin kadeteen proba jokatu zen (64,5 km) eta, ondoren, juniorrena (88 km). 

Kadeteen mailan, Donostiberri taldeko Agirrek erasoa jo eta aurrera egin zuen, baina tropelak bere asmoa zapuztu zuen. Beste hainbat saiakera egon ziren, baina helmugarako 2 kilometroren faltan hirukote batek egin zuen aurrera eta bakarrik iritsi zen helmugara. Rural Kutxa-Ikolan taldeko Markel Galparsoro izan zen azkarrena, Xabier Zabalaren (Bar Restaurante el volante) eta Aimar Galdosen (Gaursa Renault Elorrio) aurretik. Quesos Albeniz-Burundako Mikel Uncilla 7. postuan sartu zen eta bere taldekide Ander Villalobos 9. postuan; Sakana Group-Aralar taldeko Aimar Tadeo 11. sailkatu zen. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Mikel Regil (Quesos Albeniz-Burunda) 27.a sailkatu zen, Adrian Martinez 36.a, Asier Etxeberria (Quesos Albeniz-Burunda) 40.a, Alex Lopetegi 49.a, Manex Zufiaurre 76.a eta Unax Trevejo (Quesos Albeniz-Burunda) 78.a. 

Junior mailako lasterketa ere oso gorabeheratsua izan zen, baina, azkenean, laukote bat iritsi zen elkarrekin helmugara, Quesos Albeniz-Burundako hiru txirrindulari -Unai eta Hugo Aznar anaiak eta Iker Mintegi–, eta Sakana Group- Aralar taldeko Igor Arrieta. Esprintean, Unai Aznar gailendu zen, bere anaia Hugo eta Igor Arrietaren aurretik. Iker Mintegi laugarrena sartu zen. Hurrengo taldea 1:18ra iritsi zen helmugara, tartean Sakana Group-Aralar taldeko Aitor Alberdi –9. postuan– eta Mikel Olaetxea –16. postuan– zeudela. Jon Erdozia (Sakana Group-Aralar) 19. postuan sartu zen, Oihan Etxeberria (Quesos Albeniz-Burunda) 27.ean eta Unax Miranda (Sakana Group-Aralar) 37.ean. Taldeka Quesos Albenizek irabazi zuen eta mendiko sailkapena Igor Arrietarendako izan zen.