Sakana guztira iristen da Internet sarea. Herri gehienek zuntz optikoko sarea dute. Azkenak Unanu eta Dorrao. Duela bi hilabete Movistarrek jarri zuen. Baina gainontzeko herrietan ez da horrelakorik. Arruazuko alkate Gorka Ovejero Ganboak azaldu duenez, “gurean Interneta kobrezko harietatik doan ADSL zahar hori dugu herrian. Konfinamenduan ikusi zen zein mugak dituen ADSLak gaur egun. Telelanean ari direnendako ez dela batere ona”. Egoera berean daude Arakilgo herri gehienak eta Irañeta. Sakanako telekomunikazio sarearen argazkia osatu du Ovejerok: “Uharte Arakilgo auzo eta enpresaren bat eta Olatzagutiko industrialderen bat daude zuntz optikorik gabe. Lizarragan, berriz, irrati bidezko Sisnet sistemarekin jasotzen dute Interneta, nahiko abiadura onean”.
Arruazuko alkateak azaldu duenez, “gurea herri txiki eta konpaktua da. Hoditeria sistema prest dugu zuntza sartu eta berehala martxan jartzeko. Eta Movistarrek daramatza hiruzpalau urte esaten: `berehalaxe jarriko dizuegu’. Horregatik, gure kabuz begiratzen hasi ginen”. Zumaiako Albaila kooperatibarekin harremanetan jarri ziren. Xabier Garmendia teknikariarekin Irañetan eta Arruazun zuntza zabaltzeko plangintza prestatu zuten. Udalen sare propioa izanen zen. Gero hura Artxuetako errepikagailuarekin irrati bidez konektatzea zen asmoa.
Zergatik irrati bidez? Alkateak azaldu duenez, “Nafarroako Gobernuaren Nasertik enpresa publikoak Sakanako Autobian (A-10) barna sare indartsua zabaldua du. Baina hara konektatzen denari hilero 1.400 edo 1.500 euro pagatzea eskatzen dio. Merkatu prezioak dira horiek. 30 erabiltzaile baino gutxiago dituen herri batek ezin du halakorik pagatu. Baina hori eskatu ziguten. Despopulazioaz hitz egiten dute gero. Berdin zaie!”
Ihabarko, Etxeberriko eta Irurtzungo ikuspegia Irañetako autobia gaineko zubitik
Proiektua
Kooperatiba Katalunian sortutako Guifinet fundazioaren barruan dago. “Garmendiak haiekin sartzera animatu gintuen”. Hiru udalerrietako telekomunikazio zerbitzua hobetzeko asmoz, Guifineten aurreproiektua jaso zuten hilaren bigarren astean. Arakilgo, Irañetako eta Arruazuko udal ordezkariak joan den ostegunean bildu ziren. Lizarragako Kontzejuko ordezkariek ezin izan zuten joan. Ovejerok jakinarazi duenez, “Aizkorbetik Lizarragaraino zuntz optikoa ezartzeko proiektua ekarri ziguten. Askoz garestiagoa da, baina zuntz bidez jasoko genuke Interneta, ez irrati bidez”.
Irrati bidezko loturaren aurrean zuntz optikoko sarea izateak berme gehiago ematen duela gaineratu du: “ekaitza edo erauntsi handi bat badago, ez dago arazorik. Irrati bidez 50 mb ematen eta zuntzarekin giga bat datu eraman daiteke”. Zuntz optikoarekin batera “beste hainbat gauza eraman daitezke. Esaterako, Guaixe fundazioak telebista sortuko balu guk emateko aukera genuke. Zuntz optikoko sarea gurea delako eta ez multinazional batena”.
Halako sare bat herrietan jartzeak kostua du. Proiektua finantzatzeko Guifinet fundazioak parte bat pagatuko luke eta toki erakundeek beste bat. Ovejerok gaztigatu duenez, “erabiltzaileei diru bat aurreratzeko aukera ematen zaie”. Zergatik? Fakturazioan lau gauza ordaindu behar dira: azpiegituraren inbertsioa, Internet nazioarteko sareetara konektatzea, mantentzea eta zerbitzua ematen duen operatzailea. Dirua aurreratzen duen erabiltzaileak fakturako inbertsioaren zati hori ez du sekula pagatuko”. Beraz, hilero kopuru jakin bat pagatu beharrean hasieran pagatuta fakturaren zati bat desagertuko litzateke. “Proiektua hastean zehaztuko ditugu kopuruak”.
Finantziazioa
Zuntz optikoa, energia berriztagarriak edota mugikortasun arloetan neurriak hartzeko 19.000 euroko dirulaguntza jaso dute Irañetako, Arruazuko eta Ergoienako udalek Nafarroako Gobernutik. Arakilgo Udalak, berriz, 44.000 euro. Heldu den urteko irailera arte dute inbertsioak egiteko. Arakilek, Irañetak eta Arruazuk zuntz optikoko sarea zabaltzea lehentasuntzat hartu dute. Guifinetek egindako aurreproiektuan jasotako gehienezko inbertsioa 421.000 euro lirateke Aizkorbetik Lizarragara Internet sarea eramatea eta etxeetan sartzea. “Beste edozein telekomunikazio enpresak duen abiadura eta kalitate berberarekin”.
421.000 euro horietatik Guifinet fundazioak 120.000 euro pagatuko lituzke. Aurreikuspenen arabera erabiltzaileek inbertsio gisa 80.000 euro aurreratuko lituzkete (gero fakturan kenduko zaiena) eta 221.000 euro pagatuko lukete Arakilgo, Irañetako eta Arruazuko udalek eta Lizarragako Kontzejuak. Ovejerok azaldu duenez, “Arruazun uste genuen gure kabuz eginda, irrati bidez, 10.000 euro baino merkeago izanen zela. Elkartea egitea pentsatua genuen eta arbazuarrei Internet 10-15 eurotan eskaintzea. Eta Irañetan kalkulatzen dut 12.000 eurorekin eginen zuela. Orain esaten ari gara 221.000 euro, baina zuntz optiko bidez”.
Beste aukera bat badagoela aipatu du Arruazuko alkateak: “Aizkorbera joateko Irurtzundik pasatzen zara. Arruazutik Lizarragara joateko, ardatza izanen litzatekeen zuntz kable hori Lakuntza, Arbizu eta Etxarri Aranaztik pasako litzateke. Horrek aukera emanen liguke udal horiek erakartzeko”. Herri handi horietan multinazionalek zuntz optiko sarea zabalduta dute eta zerbitzu ona ematen dute. Ovejerok azaldu duenez, “kablea udalek ordaintzen badute beraiena, Guifinetena eta erabiltzaileena litzateke. Bestetik, parte diren udalek ez lukete Internetik pagatuko, edo oso-oso gutxi. Etxarri Aranazko Udalaren adibidea: udaletxea, liburutegia, kultur etxea eta eskola pagatzen ditu”.
Herri handi horietako biztanleek telekomunikazio arloan beste aukera bat izanen luketela ere nabarmendu du Ovejero: “Internet konexio ona lukete, erabiltzen ez dituzten beste gauzengatik, paketeengatik pagatu gabe. Kontsumitzaileak berak erabakiko du Interneteko zer eskaintza hartu: futbola, telesailak…” Merkeagoa izatea nahi lukete. “Udal horiek sartuko balira guri aurrekontuaren kostua murriztuko ligukete”.
Batzordea
Sakanako Mankomunitatearen barruan Etxebizitza eta Telekomunikazio Batzordeak sortu ziren. Azken horren buru da Ovejero eta, gehienbat, zuntz optikoa ez duten herrietan sare hori zabaltzea du helburu. “Zuntza nahi duten herriak gaude, batez ere. Beldurra dago. Konfinamendu bat baletor, itxurako Interneta izan nahi dugu”. Arruazuko alkatea haien egitasmoaren berri Irurtzungo, Uharte Arakilgo, Lakuntzako, Arbizuko eta Etxarri Aranazko udalei jakinaraziko die. Denen artean Sakanan irabazi asmorik gabeko operadorea sortzeko aukera ere mahai gainean jarri daitekeela esan du Ovejerok, “zerbitzua oso-oso merke emanen luke”.
Baina landu daitezkeen beste aukera batzuk ere badaude. Esaterako, software eta programa libreak sustatzea. “Udalek dirutza pagatzen diote Microsft-i bere programak eta bere sistema eragilea erabiltzeagatik. Software librea doakoa da, komunitarioa, garatzaileek sortua eta ez duzu ez lizentziarik ez ezer pagatu beharrik. Gainera, euskaraz dago gehien gehiena”. Asmoa litzateke udalei jakinaraztea urtean lizentziengatik hainbeste diru pagatu beharrean doakoak dituztela OpenOffice edo LibreOffice.
Guifinetez
Kataluniako masia asko sakabanatuta, populazio txikia… Haietara Internet zerbitzuak eramatea garesti zitzaien enpresa handiei. Silicon Valleyn, Oracle enpresan, lan egiten zuen kataluniar batek bere masian Interneta nahi zuenez, bere ekimenez, asteburuetan, hango baserritarrekin auzolanean, irrati bidezko sarea hedatzen hasi ziren. Lau urtetan jende pila bati ematen zioten zerbitzua eta fakturazio handia zuten. Horrela sortu zen Guifinet fundazioa, gaur egun estatuan zabaltzen ari dena.
Fundazioak bere sareari “sare irekiak” deitzen die. Ovejerok azaldu duenez, “Guifineten baldintzak betetzen baditu, edozein operadorek erabil dezake”. Baldintzak dira: prezio gehiegikeriarik ez egitea, merkatua hausteko helburuz prezioak gehiegi ez jaistea, operatzaile bakarraren kasuan prezio altuak jartzea, inbertsioko atala bizi guztian kobratzea (Guifineten inbertsioa estaltzean fakturatik kentzen da kontzeptua), langileen baldintzak egokiak izatea eta operadore bat baino gehiago izatea (normalean txikiak dira, handiek beraien lineetan aritu nahi dute).
Guifinet fundazioak zuntz optikoko sarea zabaltzeko proiektua egin, hura hedatu, haren ikuskaritza eta mantentzea egiten ditu. Operatzaileen esku gelditzen da eguneroko administrazio lanak, zerbitzu eskaintzak eta akats txikiak konpontzea. Ovejerok jakinarazi duenez, “zuntzak ia ez du mantentzearen beharrik. Urteak egonen da arazorik eman gabe”.